Akelarreak, zezen-suzkoak eta ermuarren kantu eta irrintziek plaza argitzen lagundu zioten aurtengo su txikiari

Ander Gomez 2026ko ekainaren 25a

Ermuko San Joan bezperako egitaraua bere horretan mantendu zen arren, beroaldiaren ondorioz Udalak egun berean emandako gomendioei jarraituz, Txindurri eta Euskal Birusako kideek ohikoa baino su txikiagoa piztuta ospatu zuten jaia. Argazkiak: Pedro Elizondo, Emilio Jose Carral, Ander Prol eta Ander Gomez.

Martitzen gauean, aker, sorgin eta bestelako pertsonaia mitologikoek hartu zuten Ermuko plaza. Txindurrikoen eskutik, erakustaldi ikusgarriaz disfrutatu ahal izan zuten plazan zeuden ehunka herritarrek. Dantza eta antzerkia uztartu zituen ikuskizun originala izan, baina ez ziren falta izan urtero errepikatzen diren momentu bereziak, deabruaren frontoi gaineko agerraldia kasu. Rapel bidez egin zuen plazarako jaitsiera, eta zuziri eta bengala artean piztu zuen sua.

Akelarrea bukatuta, San Joan koplak kantatu zituzten herritarrek, eta suaren ingurura gerturatu ziren, gaitz eta kezka denak sutan erretzeko. Giro berezi horretan egin zen irrintzi lehiaketa, eta suaren bueltan egindako plaza-dantzetan herritar ugari batu ziren dantzara. Gauerdia pasata, ordea, guztiak uxatu zituen plazan agertu zen zezen-suzkoak. Txinpartak nonahi barreiatuz, batetik bestera antxitxika jarri zituen ume denak.

Aurtengo sua txikia izan den arren, ekintza guztiak bukatu arte iraun zuen piztuta, eta Euskal Biruseko kideen mangerazoa behar izan zuen guztiz amatatzeko.

Irrintzi lehiaketako emaitza

Guztira, 29 lagunek hartu zuten parte aurtengo San Joan bezperako irrintzi lehiaketan. Ainhoa Cid, Maider Totorika eta Estitxu Saez de Zaitegi izan ziren epaimahaikide, eta hiru lagun saritu zituzten, irrintzi indartsu eta luzeenak botatzearren.

Umeen kategorian, Ekain Escribanok irabazi zuen, eta Kirmen Dosantos izan zen txapeldunorde. Xiripot liburu-dendan gastatzeko 30 eta 20 euroko txartelak jaso zituzten, hurrenez hurren. Helduen kategorian, berdinketa egon zen Edurne Iriondo eta Mikel Egurrolaren artean. Irrintzia errepikatu behar izan zuten, eta Iriondo izan zen garaile, Quetzalen erabiltzeko 60 euroko bonoa jasoz.