Hamaika orduz, tekno musikaren erritmora dantzatuko da Ermua

Ander Gomez 2026ko ekainaren 26a

Elektrojaiak 18. aldia ospatuko du bihar, zapatua, Betiondoko aparkalekuan. Horrez gain, aurrejaialdi festa egingo da gaur herrigunean, Martxoaren 8a plazan. Bi ekitaldietarako sarrera doakoa izango da. Albiste bukaeran saioen ordutegiak ikusgai.

Apirilean, Primavera Festak reggaeton-zaleak batu zituen Ermuko plazan; maiatzean, rock-zalez bete zuen herrigunea Vertigo Rock jaialdiak; eta orain, ekainean, bertako zein lekutako elektronika-zaleak ekarriko ditu Elektrojaiak. Urteroko kartela osatzen duen Iñigo Diaz DJ nafarrak sareetan aipatu duenez, "adin nagusitasunera" ailegatu da jaialdia: hemezortzigarren aldia ospatuko du. Hala ere, haren esentziari eutsiko dio: Betiondoko aparkalekuan egingo da –igerileku irekiaren alboan–, eta, gune itxia izango den arren, sarrera librea izango du, edonori musikaz gozatzeko aukera ematearen filosofiari jarraituz.

Bihar, ekainak 27, izango da, 17:00etan hasita, eta Estatuko eta nazioarteko artistak arituko dira nahaste-mahaien atzean, ordu txikiak arte. Dave Clarke britainiarra da aurtengo kartelburua, tekno eszenako izen ezagunenetako bat, eta Main Stagean arituko da, 02:00etan. Hura izango da jaialdia ixtearen arduradun, 04:00retan. Aurretik, eszenatoki nagusitik pasako dira, besteak beste: Truncate eta Pushmann, B2B saioan; Koldo Intermusic; eta Atxe.

Old School Room karpa izango da bigarren gunea, eta elektronika klasikoagoari lotutako programazioa eskainiko du, Iñigo Diazen, Novaren eta Nina Casthen saioak tarteko.

Zortzi ermuar kartelean

Edizio guztietan bezala, bertako talentuaren presentzia nabarmena izango da. Ash eta Pirata ermuarrak Main Stagean arituko dira; eta Javier Ganuza, Blanko, Nei, Markos, Anuxx eta DJ Bixent, Old School Roomean. Haiez gain, eszenatokitik kanpo aritzen diren eta jaialdia posible egiten duten herritar asko ere bertan izango dira, antolakuntzan, muntaketan eta bestelako laguntza lanetan.

VIP gunea

Jaialdiaren filosofia edonorentzat irekia izatea den arren, gune pribatua ere eskainiko dute, antolakuntzako gastuei aurre egiteko diru-sarrera osagarri gisa. VIP paseak 35 euroko kostua du, eta horren truke bi edari, mahaia, barra eta komun pribatuak eta aurtengo edalontzi berrerabilgarria jasoko dira.

Antolakuntzatik zozketa egin dute asteon, VIP pase bat oparituz, eta Izaskun Cabello izan da irabazlea.

Aurrejaialdia, gaur

Aurreko hilabeteetan Elektrojaia On Tour egitarauaren bidez jaialdirako beroketa egin badute ere, giroa are gehiago pizteko aurrejaialdi festa egingo dute gaur, Martxoaren 8a plazan. 18:00etatik 23:00etara izango da, eta Pirata, Ash, Anuxx eta Blanko ermuarren DJ saioez gozatzeko aukera egongo da. Jarraian, aurrejaialdiko saioen ordutegiak:

  • 18:00-19:00 Anuxx
  • 19:00-20:30 Pirata
  • 20:30-22:00 Ash
  • 22:00-23:00 Blanko

Elektrojaiaren ordutegia, berriz, honakoa izango da:

MAIN STAGE
  • 17:00-18:00 Atxe
  • 18:00-19:30 Ash
  • 19:30-21:00 Pirata
  • 21:00-23:00 Koldo Intermusic
  • 23:00-02:00 Truncate B2B Pushmann
  • 02:00-04:00 Dave Clarke
OLD SCHOOL ROOM
  • 17:00-18:00 Anuxx
  • 18:00-19:00 Blanko
  • 19:00-20:30 Nova
  • 20:30-22:30 Iñigo Diaz
  • 22:00-23:00 DJ Bixent
  • 23:00-00:00 Javier Ganuza
  • 00:00-01:00 Nei
  • 01:00-02:00 Markos
  • 02:00-03:30 Nina Casth

Antolakuntzatik gogorarazi dute bai gaurko festan bai biharko jaialdian ingurunea errespetatzea eta bizikidetza arauak betetzea ezinbestekoa izango dela, eta Elektrojaiak espazio segurua, inklusiboa eta denontzako irekia izaten jarrai dezan eskatu dute. Halaber, ohartarazi dute edozein jarrera bortitz, matxista, arrazista, homofobo edo transfobok berehalako kanporatzea ekarriko duela.