Zortzi gazte errefuxiatu palestinarrek Ermua bisitatuko dute gaur, Palestina Egunean

Ander Gomez 2026ko ekainaren 27a

Ermuan izango diren gazteak, aireportuan.

Gaur, zapatua, Palestina Egunaren hirugarren aldia ospatuko da Ermuan, eta herri palestinarrari elkartasuna adierazteko ekintza artistiko ugari egingo dira goizean zehar.

Aurtengoa Palestina Eguna berezia izango da, Zisjordaniako Nablus hiritik gertu dagoen Nablatako errefuxiatuen kanpamentutik datozen 10-15 urte bitarteko zortzi neska-mutil izango dituelako protagonista. Kanpamentu hartan Israelgo armadak beren herrixketatik kanporatu dituen 23.000 pertsona baino gehiago bizi direla azaldu dute Ermua Palestinarekin Ekimeneko ordezkariek. Umeei espazio seguruak eta laguntza eskaintzeko lan egiten duen Childhood and Tolerance Center (Haurren eta Tolerantziaren Aldeko Zentroa) Palestinako elkarteak Europara ekarri ditu. Durangaldea-Palestina koordinakundeak gonbidatuta, Euskal Herria bisitatzen eman dute astea, eta gaur, Ermutik pasako dira.

Artea, jolasak, musika eta bazkaria

Palestina Eguneko egitaraua goizean hasiko da, 11:30ean, errefuxiatuen kanpamentuko neska-mutilei Orbe Kardinala plazan egingo zaien harrerarekin. Ondoren, haurrentzako tailerrak eta jokoak egongo dira, Antxitxiketan Aisialdi Taldearen eskutik. Aldi berean, erakusketa jarriko dute plazan: 2009-2026 urteen artean Ermuan egindako Palestinaren aldeko ekimenen kartelen bilduma.

13:00etan, argazki kolektibo erraldoia aterako dute Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. "Herritar guztiak argazkiarekin bat egitera gonbidatzen ditugu, Ermutik palestinar herriari gure maitasuna helarazteko eta jasaten ari diren genozidioaren aurrean mantentzen ari diren erresistentziari babesa emateko", azaldu dute Ermua Palestinarekin Ekimeneko kideek.

Ondoren, neska-mutil palestinarrek Dabke dantza tradizionalaren erakustaldia egingo dute. Musikak ez du etenik izango, eta 13:30ean, Nur eta Ahmed Alhaddad artista gazatarrek kontzertua emango dute.

Eguna borobiltzeko, herri-bazkari irekia egingo dute plazan, 14:30ean. Menu bakarra dago, eta entsalada, oilasko gisatua, fruta eta kafea barne hartzen ditu. Txartelak Infreñu tabernan daude eskuragarri, eta gaur, barikua, izango da erosteko azken eguna.