2026ko udal aurrekontuaren prozesu parte-hartzailearen baitan, 30.000 euro laga ziren 6 eta 13 urte bitarteko herritarren esku. 988 umek bozkatu zuten, eta aire zabaleko zinemaren eskaintza udako hilabete guztietara zabaltzea aukeratu zuten, bideojoko eta robotika tailerrak antolatzeko eskaerarekin batera. Udalak lau film proiekzio iragarri ditu datozen bi asteotarako. Guztiak San Pelayon proiektatuko dira, 21:00etan, eta sarrera librea izango da.
Lehen filma, Cazafantasmas: imperio helado, datorren astelehenean proiektatuko da, ekainaren 29an. Bigarrena eguaztenean izango da, uztailaren 1ean, Lebron James saskibaloilaria eta Looney Tunes marrazki bizidunak protagonista dituen Space jam: aro berria filma, euskaraz. Uztailaren 6an, astelehena, Momiak animazio filma proiektatuko da, hori ere euskaraz. Zikloa uztailaren 8an, asteazkena, bukatuko da, Campamento Garra de Oso filmarekin.
Oharra: Euria eginez gero, proiekzioak Orbe Kardinala plazara lekualdatuko dira.