Isidro Ganuza Beunza (Ihaben, 1959) 18 urterekin etorri zen Ermura, 40rekin hartu zuen lehen aldiz arkua, eta harrezkero ez du utzi. Ermuko arku-tiro klubaren sortzaileetako bat da, eta 2022-2023 eta 2024-2025 urteetan Euskadiko txapeldun absolutu izan zen longbowarekin. Ekainean, Espainiako Beteranoen Arku-tiro Txapelketa irabazi zuen, Iñaki Gerenabarrena eta Jorge Carrasco arabarrekin batera, euskal selekzioa ordezkatuz.
Estatuko lehen longbow txapelketa jokatu duzue beteranoen kategorian. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso polita, eta, aldi berean, gogorra. Madrilen izan zen, eta bero handia egin zuen, 33 gradurekin eta eguzkipean jokatu genuen.
Eta lehia?
Banakako proban ondo eta gustura egin nuen lehen tiraldia, baina final-laurdenetako buruz burukoan Carrascoren kontra galdu egin nuen. Hura laugarren sailkatu zen, ni zortzigarren eta Gerenabarrena bederatzigarren. Emaitza horiei esker, taldekako sailkapenean bigarren geratu ginen eta lehen kanporaketa saihestu genuen. Finalaurrekoetan Gaztela-Mantxari irabazi genion, eta finalean Andaluziari.
Espero zenuten garaipena?
Inondik inora; hirurak harrituta geratu ginen. Madrildarrak indartsu hasi ziren, eta, faboritoak izan arren, hirugarren postuan bukatu zuten. Euskadiko txapeldun izan nintzenean izandako sentsazio berbera izan nuen: momentuan ez duzu sinesten, tanteoa berrikusten duzu akatsen bat topatu nahian edo. Gero, zorionak, besarkadak... ailegatzen dira, eta konturatzen zara lortu duzula, txapeldun zarela. Gainera, ez ginen irabazle bakarrak izan: euskal selekzioko beste kategorietako talde eta norbanakoen artean, sei domina ekarri genituen etxera; horietatik lau, urrezkoak. Zirraragarria izan zen hainbeste ikurrin podiumean ikustea.
Zein izan da gakoa?
Nerbioak. Beti da nerbio kontua. Orokorrean, maila oso parekatuta dago txapelketa guztietan, eta ez du trebeenak irabazten, momentu erabakigarrietan burua hotz mantentzea lortzen duenak baizik.
Zuk nola kudeatzen duzu urduritasun hori?
Egunaren araberakoa da, baina urteekin baretu egiten dela sumatu dut. Azkenean, hogeita bost urte baino gehiago daramatzat kirol honetan.
Longbow modalitatean lehiatzen zara; zertan desberdintzen da besteetatik?
Arku luzea esan nahi du eta tradizionalena da. Azkenean, makila bat eta soka bat besterik ez da. Egurrezko geziak erabiltzen ditugu, luma naturalekin, eta ez du ez bisorerik, ez egonkortzailerik, ez bestelako laguntzarik. Dena arkulariaren esku dago. Ehun Urteko Gerran ospe handia hartu zuen, ingelesek arkuok eskuan Frantziako zalditeria osoa mendean hartuta. Hori bai, garai hartako longbowak gaur egungoak baino askoz indartsuagoak omen ziren, bi metro ingurukoak eta hirurehun metrora iristeko gai.
Zerk eraman zintuen aukeratzera?
Duela sei urte probatu nuen, eta, eroso sentitzeaz gain, emaitza hobeak lortzen hasi nintzelako egin nuen aldaketa; kar-kar.
Ze beste modalitatetan aritu zara?
Bakarrean aritu nintzen hogei urtez, longbowaren ondorengoa den arku errekurbatuarekin. Olinpiadetan erabili ohi dena da; oso teknikoa, bisoreekin, kontrapisuarekin... Baina eskakizun fisiko handiagoa du, eta urrunagotik jaurtitzen da, 70 metrora –longbowa, 30 metrora–. Azkenean, adina ere igartzen da.
Akordatzen zara arkua eskuan izan zenuen lehen aldi hartaz?
Oporretan izan zen, hotel bateko aisialdi-jardueretan. Basilio Izquierdo lagunak esperientzia handiagoa zuen ordurako, eta, Jose Mari Muñozekin batera, hirurok batu ginen duela hogeita piko urte Ermuko arku-tiro taldea sortzeko: Betiondo kluba. Ikastolako gimnasioan hasi ginen entrenatzen, eta pixkanaka-pixkanaka forma hartu zuen.
Zein da klubaren egoera gaur egun?
Asko aldatu da, baina, aldi berean, toki berean jarraitzen dugu, Anaitasuna eta Ongaraiko jolastokietan entrenatzen. Sorreran geunden hiru lagunok gaude: Basilio presidente, Jose Mari idazkari eta ni diruzain. Basilio, Jose Mari, Mikel Lopez, Ricardo Benitez... eurak ere Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun izan dira euren modalitateetan, eta horrek erakusten du urte askotako lanak fruituak eman dituela. Hamasei arkulari gaude aktibo gaur egun, eta adin guztietako jendea dago: gazteena DBHn dagoen neska bat da. Hori da arku-tiroaren gauzarik politenetako bat, edonork parte hartu dezakeela.
Belaunaldien arteko erreleboa bermatuta dago, hortaz.
Bai, baina egia da gazteek jarraitzeko zailtasun handiak dituztela. Motibazio handiarekin hasten dira, baina kirol hau oso errepikakorra da: gezi bat bestearen atzetik jaurti behar da, etengabe, eta horrek pazientzia eta kontzentrazio handia eskatzen ditu.
Klubean hartu duzue neurririk gazteok kirolari lotuta jarrai dezaten?
Gazteei ez ezik, klubera hurbiltzen den edonori bizpahiru hilabeteko probaldia egitea proposatzen diogu. Ez dute ezer ordaindu behar, eta guk lagatzen diegu material guztia. Azken finean, garestia da, eta benetan jarraitu nahi dutela ikusten dugunean hasten gara materiala erosteko gomendioak ematen. Orduan pasatzen dira gutako beste edozein bezala izatera, urteko kuota ere ordainduz.
Kuota horrekin mantentzen da kluba?
Diru horrekin ituak, parapetoak eta eguneroko gastuak ordaintzen ditugu. Baina ezinbestekoak ditugu ere, besteak beste, Udalaren laguntza, entrenatzeko espazio egokiak lortzen dizkigula beti; eta Euskal Federazioarena, txapelketetako bidaiak, egonaldiak eta izen-emateak bere gain hartzen dituela. Madrilen eurei esker lehiatu ahal izan gara, eta ondorengo txapelketetan ere berdin izango da.
Zein da hurrengo erronka?
Zapatu honetan bigarren sailkatu naiz Euskadiko Beteranoen artean. Erronka asteburu honetan izango dut, Hondarribian jokatuko den Euskadiko Txapelketa Absolutuan. Hiruzpalau arkulari gabiltza parez pare, eta, esan bezala, egun horretan nerbioak hobekien baretzen dituenak jantziko du txapela.

Iñaki Gerenabarrena, Irantzu Coto –delegatua–, Isidro Ganuza eta Jorge Carrasco. EATF