Aurtengo Santixauetan ere, Txikurixa zabaldu du Euskal Birusa Elkarteak, eta euskaltzaleen topagune izango da jaiek iraun bitartean.
Elkartetik azaldu dutenez, ekimen honen helburuak dira euskararentzat leku "atsegin" bat sortzea eta elkartearen autofinantzaziorako beharrezkoa den dirua lortzea. Herritarrek laguntzeko dituzten hainbat modu aipatu dituzte: "zerbitzari bezala txanda egitea, patata-tortillak ekartzea... eta Txikurixa kuadrillaren tabernaz tabernako errondan sartzea, noski!"
Bihar igandea itxita egongo da, baina gogorarazi dute berriro zabalduko dituela ateak uztailaren 24tik 27ra bitartean. Hala ere, egun horietan barran egoteko txanda guztiak oraindik ez direla bete jakinarazi dute. Hilaren 24an (barikua) eta 25ean (zapatua) txanda bana falta da: 04:00etatik 06:00etara biak. Hilaren 26koak beteta daude denak, baina 27an (astelehena), azken lau txandak daude libre: 21:30etik 00:00etara, 00:00etatik 02:00etara, 02:00etatik 04:00etara eta 04:00etatik 06:00etara. Tarte horietan libre eta barra atzean laguntzeko prest daudenek euskalbirusa@gmail.com helbidera edo 688 63 28 74 whatsapp zenbakira idatz dezakete.
