Urtero bezala, Santixauen bueltako kontzertua antolatu du Euskal Birusak. Aurtengoa, ordea, ez da ohiko formatuan egingo. Jon Moma kantautore ermuarra da aldi honetako gonbidatua, eta banda osoarekin jotzeko proposamena egin zuen. Elizpean izan ohi da kontzertua, baina teknikariaren iritziz ez zen espazio egokiena horrelako emanaldi baterako. Euskal Birusak talde osoaren aldeko apustua egin nahi izan du; hala, Martxoaren 8a plazan joko du gaur Momak taldeak, 20:30ean.

Momak, ekainean Durangoko Landako Gunean emandako kontzertuan. IZAR RECORDS
Bertaratzen direnek pop-rock kontzertu borobilaz gozatzeko aukera izango dute, eta baita hilabete gutxi barru kaleratuko duten lan berriaren aurrerapen batzuk eta 2026ko Itzuliaren soinu-banda izan den Itzuliko naiz kantua zuzenean entzuteko ere.
Taldekideen berbak, oholtzara igo aurretik
Momak taldeko kideak ilusioz mintzatu dira kontzertuaren aurretik: "Lan asko egin dugu emanaldia prestatzen eta oso gogotsu gaude. Gainera, berri polit batzuk partekatuko ditugu gaurko hitzorduan", aurreratu dute. Euskal Birusaren gonbidapena ere eskertu dute: "Ohore bat da euskara babesten duen elkarte batek antolatutako horrelako ekitaldi batean parte hartzea".
Jon Andoni Moreno abeslariak, berriz, jaioterrian jotzeak berarentzat duen esanahia azpimarratu du: "Hainbat urte kanpoan bizitzen eman ostean, herrian jotzea kristorena da niretzat, eta are gehiago xarma berezia duen Euskal Birusaren ekitaldi honetan".