Santixauak 2026 - Ermua

Barraskilo Azkarrak izan dira txarangen playback lehiaketako irabazleak

Garazi Mendieta 2026ko uztailaren 22a

Zazpi txarangak hartu zuten parte atzo gaueko playback lehiaketan, Santixauetako txarangen arteko joko eta lehiaketei amaiera emanez. Emanaldien ostean, playbackeko zein jokoetako sariak banatu zituzten.

Albiste bukaeran, erlazionatutako edukietan, playback lehiaketako ikuskizun guztiak bideoan ikusgai.

Santixauetako txarangen arteko playback lehiaketak ikusmin handia piztu zuen atzo gauean, eta Orbe Kardinalaren plaza jendez gainezka egon zen hasieratik amaierara. Guztira zazpi txaranga igo ziren oholtzara, hilabeteotan prestatutako ikuskizunak aurkeztera, publikoaren txalo artean.

Txaranga bakoitzak koreografiak, mozorroak eta antzezpenak uztartu zituen bere emanaldian. Lehiaketako epaimahaia Elorrio, Durango eta Zaldibarko ordezkariek osatu zuten.

Epaimahaiaren erabakiaren arabera, Barraskilo Azkarrak txarangak eskuratu zuen lehen saria, garaikurrarekin eta 600 euroko diru-sariarekin batera. Bigarren postuan Mozkorbiziak sailkatu ziren, garaikurra eta 300 euro jasota, eta hirugarren saria Burusoiltxoak txarangarentzat izan zen, garaikurra eta 200 eurorekin.

Jokoetako sariak ere banatu zituzten

Playback lehiaketaren amaieran, azken egunotan jokatutako txarangen arteko jokoetako sailkapen orokorraren sariak ere banatu zituzten.

Lehen saria Burusoiltxoak txarangak eskuratu zuen. Irabazleek garaikurra, 450 euroko diru-saria eta 350 euroko balioa duen afaria jaso zituzten. Bigarren postuan Mozkorbiziak sailkatu ziren, garaikurra, 300 euro eta 200 euroko balioa duen afaria eskuratuta. Hirugarren saria, berriz, Dohakabeak txarangarentzat izan zen; garaikurrarekin batera, 200 euro eta 125 euroko balioa duen afaria jaso zituzten.

Horrela, playback lehiaketarekin amaiera eman diete aurten ere Santixauetako txarangen arteko joko eta lehiaketei. Azken astean hainbat probatan eta ekitalditan lehiatu dira txarangak, eta atzoko gauean, jendez lepo zegoen plazan, amaiera ikusgarria izan zuen egitarauak.

Erlazionatuak