Zergatik da hain beharrezkoa Brigada Morearen presentzia jai testuinguru batean?
Izaro Narbaiza: Askotariko biolentziei aurre egiteko tresna da. Txosnagunearen parte garenez, sinisten dugu zapalkuntzarik gabeko espazio bat eraikitzean. Horregatik uste dugu Brigada Morea ezinbestekoa dela espazio hori zaintzeko eta seguru bihurtzeko.
Irune Basagoiti: Oraindik ere jaiak ez dira pertsona guztientzat berdin seguruak. Badakigu gure herrian ere erasoak gertatzen direla eta ezin izango diegula guztiei erantzun, baina kalean presente egoteak eta gure lana ikusgarri egiteak badu prebentzio balioa. Jendeak badaki Brigada Morea hor dagoela, eta horrek ere jokabide batzuk zalantzan jartzea eta geldiaraztea ahalbidetzen du.
Zuengana hurbiltzen den pertsona batek zer aurkituko du? Zer eskaini nahi diozue une horretan?
I.B.: Gure helburua da pertsona horrek babesgune bat aurkitzea, leku seguru bat, presiorik gabe hitz egin eta lasaitzeko aukera izango duena. Urteetako esperientziatik eta prestakuntzatik abiatuta, ahal dugun modurik onenean laguntzen saiatzen gara, une horretan pertsona horrek dituen beharrizanei entzunez eta haiek erdigunean jarriz.
Nola lantzen duzue Brigada Moretik protokoloa?
I.N.: Eraso bat gertatzen bada, Brigada Moreak erasoa jasan duen pertsonaren zaintza eta laguntza hartzen ditu bere gain; MutilTXOek, berriz, erasoa egin duen pertsonarekin egiten dute lanketa, betiere egindakoa aitortzen badu. Protokoloa klabe eraldatzaile eta antipunitibista gisa ulertzen dugu. Helburua ez da soilik erantzutea, baizik eta benetako eraldaketa bultzatzea.
Zein da herritarrei helarazi nahi diezuen mezurik garrantzitsuena?
I.N.: Ardura kolektiboa hartu behar dugula. Ez dugu nahi Brigada Morearen lana eraso baten ondorengo erantzunera mugatzea; askoz ikuspegi zabalagotik ulertzen dugu. Jaigune seguruak eraiki nahi ditugu, eta horrek ez du lotura eraso bat gertatzen den unearekin soilik, baizik eta aurretik sortzen den giroarekin eta denon jarrerarekin.
I.B.: Batez ere, morboa eta zurrumurruak ekiditea eskatu nahi dugu. Horiek, askotan, biktima berriz biktimizatzen dute eta ez diote inori mesederik egiten. Beraz, saiatu daitezela mozten, uzteko lanean dagoenari lanean lasai, eta, benetan konponbide bat nahi bada, barrutik erreparatzeko.
