Santixauak 2026 - Ermua

Txosnaguneak bost urte beteko ditu aurtengo santixauetan

Garazi Mendieta 2026ko uztailaren 24a

Iazko Tixauetako talde-argazkia. MIKEL MADARIETA

Ospakizun bereziak, musika eta herri giroa uztartuko dituen egitarau zabala prestatu dute bosgarren urteurrena ospatzeko, autogestioa eta parte-hartzea ardatz dituen herri proiektua indartzen jarraitzeko.

Aurtengo santixauetan txosnaguneak bosgarren urteurrena ospatuko du. Duela bost urte, herriko eragileen eta herritarren ekimenez abiatu zen proiektua, eta ordutik jai herrikoien ezinbesteko topagune bihurtu da. Horregatik, aurtengo egitarauak urteurrenaren ospakizuna izango du ardatz, eta uztailaren 24rako eta 25erako antolatu diren hainbat ekitaldiren bitartez bost urte hauetako ibilbidea eta bidea egin duten pertsonak izango dituzte gogoan. 

Urteurrena ospatzeko une nagusietako bat TXOpinazoa izango da, gaur, uztailaren 24an. Aurten berezia izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta txosnaguneak bost urte hauetan egin duen ibilbideari emango dio protagonismoa. Ospakizunak iraganari aitortza egiteaz gain, etorkizunera begiratzeko ere balioko du, proiektuaren oinarriak indartzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko. 

Urtero bezala, herri bazkariak ere lekua izango du egitarauan. Aurten, haragi-paella eta beganoentzako paella izango da menuan, eta bazkalostea bingo berezi batekin girotuko dute.

Gainera, bi gauetan, 22:00etatik aurrera, zuzeneko musikak hartuko du Txosnagunea: uztailaren 24an Sustrai Berriak, Los Tirris eta Agata Lagata igoko dira oholtzara, eta hurrengo egunean Lehen Lerroa, Kengan & Meya B2B eta Begibide izango dira protagonistak.

Errespetuan oinarritutako jai giroa

Baina txosnagunea jai egitarautik harago doan egitasmoa ere bada. Autogestioan oinarritutako herri ekimena dela azpimarratu nahi dute, herriko eragileen eta norbanakoen lanari esker antolatzen dena, eta herritarren parte-hartzea sustatzea duena helburu. Horrez gain, herriaren ahalduntzea dute ardatz, eta denontzako espazio seguru eta inklusiboa eraikitzen jarraitu nahi dute, feminismoa, LGTBIQ+ fobiaren aurkako borroka eta arrazakeriaren aurkako jarrera oinarri hartuta, besteak beste.

Bosgarren urteurrenarekin batera, antolatzaileek dei egin diete herritarrei ospakizunarekin bat egin eta Txosnagunearen parte izaten jarrai dezaten. Asanbladak irekiak direla gogorarazi dute, eta proiektuak herritarren parte-hartzearen bidez hazten jarraitzea dela euren nahia.