Eguaztenean, jendetza bildu zen Martxoaren 8a plazan, Euskal Birusak antolatutako Momak taldearen kontzertua ikusteko. Bertaratutakoek errepertorio anitzaz gozatzeko aukera izan zuten. Dagoeneko ezagunak diren hainbat single jo zituzten, baina baita datozen hilabeteetan kaleratuko duten lan berriko kantu batzuk ere.
Kontzertuan zehar, Jon Momak bakarlari bezala sortutako abestiek eta bertsioek ere izan zuten bere lekua, tartean: Leihotikan taldearen eta Gorka Urbizuren Etorkizuna ginenean. Azken horren harira, erreferenteen garrantziaz berba egin zuen Jon Andoni Moreno taldeko buruak. Bestela ere, kantuen hitzetan islatzen diren hainbat gairen inguruko hausnarketak partekatu zituen: urte luzez kanpoan bizi ostean herrira bueltatzearen garrantziaz, musikaz kanpo bere bizitzan izan dituen familiako erreferenteez, gaur egun bizi ditugun "garai aldakor eta ilunez" eta euskararen erabilera sustatzeko beharraz mintzatu zen.
Bukatzeko, 2026ko Itzuliaren soinu-banda izan den Itzuliko naiz abestiarekin borobildu zuten emanaldia, ikusleak koruak egiten eta txaloka zituztela. Segidan, osorik entzungai.