Miguel Ledesma, txupineroa: "Kirolaren exijentziagatik sarri galdu ditudan jaiei hasiera emateak poz handia ematen dit"

Ander Gomez 2026ko uztailaren 24a

2023an Mikologiaren Lagunek omendu zuten, plazako kioskoan; gaur, bertatik botako du pregoia, ehunka lagunen aurrean, jaiak abiarazteko. ERMUKO UDALA | BARRENA

Gaur, 19:00etan, Santixauei hasiera ofiziala emango die Miguel Ledesma Blanco triatletak. Albiste barruan, Barrenaren 25. zenbakirako egindako elkarrizketa irakurgai.

Txikitatik futbolzale izan da Miguel Ledesma (Ermua, 1999), baina 20 urterekin norabidea guztiz aldatu eta triatloiaren munduan murgildu zen. Kirol bakarra beharrean hiru batera praktikatzeak, ordea, emaitza bikainak eman dizkio Estatu, Europa eta mundu mailan. Urteotan, egindako lana aitortu diote herritarrek, hainbat omenaldi eta errekonozimendurekin; eta aurten, bizitzan behin jasotzen den horietako bat izango du: santixauei hasiera emango dien pregoia eta txupinazoa botatzeko ardura eta ohorea.

Nola jaso zenuen berria?

Udaletik deitu zidaten duela hilabete inguru, eta sorpresa handia izan zen. Urte osoa lanean diharduzu buru-belarri, eta ez duzu halako berririk espero.

Abenduan, Ermuko I. Kirol Galan, 2025eko Kirolari izendatu zintuzten. Zelan bizi izan duzu?

Anne Erauskinekin batera jaso nuen saria, eta ilusio handia egin zidan. Eta orain, txupinero izendatu izanak, zer esanik ez. Ermuarra izanik, herriko jaiei hasiera emateak harrotasun eta poztasun handia ematen dit. Gainera, horrelako aitortzek uste dut balio handia dutela, batez ere gazteek kirolariak ezagutzeko eta gure bizimodua erreferentetzat har dezaten.

Jai Batzordeak bereziki iaz lortu dituzun emaitzak azpimarratu ditu. Nolakoa izan da 2025. urtea?

Garapen handia izan dut, eta lasterketetan asko hobetu. 25 eta 29 urte bitarteko kategorian, distantzia ertaineko Europako txapeldun izan nintzen, Iruñean, eta distantzia luzeko munduko txapeldun, Pontevedran. Eivissan jokatutako Espainiako Txapelketan elite mailan lehiatu nintzen eta hamalaugarren sailkatu nintzen. Egindako lan guztiaren saria dela uste dut.

Zein diziplinatan nabarmendu zara?

Igerian nahiko ondo ibili naiz. Hala ere, gehien gustatzen zaidana bizikleta da, eta desnibel handiko ibilbideak; azken finean, mendien artean bizi gara gu eta hor sentitzen naiz gusturen. Domekan jokatuko den DH Ermua bizikleta jaitsierako sariak banatzea eskaini didate aurten ere, baina Europako Txapelketan izango naiz, Banyolessen.

Erronka handiak dituzu aurten ere, Estatu, Europa eta mundu mailan.

Gironako horren ostean, abuztuan, Alpe d'Huez triatloian parte hartuko dut. Lasterketa arrunta da, baina berezia, urtero lagunekin joaten naizelako. Urrian, Espainiako distantzia luzeko txapelketan lehiatuko naiz, Huelvan; eta azaroan, Abu Dhabin, mundukoan. Ondo joatea espero dut, entrenamenduetan oso sentsazio onak ditut eta gogotsu nago. 

"Umeek eta gazteek kirolarion bizimodua erreferentetzat hartzeko balio dute horrelako aitortzek"

Lehia betean egonda, jaietan errutina zorrotzari eutsiko diozu ala festarako tarterik hartuko duzu?

Alpeetako lasterketara arte entrenatzen jarraituko dut; gero, Medinan izango naiz; eta, ondoren, opor egun batzuk hartuko ditut. Printzipioz, uztailaren 24an bakarrik egongo naiz Ermuan, eta ahal beste disfrutatuko dut.

Nola bizi izan dituzu jaiak?

Nire egoera eta egutegia urtero aldatzen dira, askotan galdu izan ditut kirolagatik. Ekintzak baino gehiago, lagunekin egotea gustatzen zait. Zerbait aipatzekotan, txupinazoaren eguna dut gustukoen, herri osoan sortzen den jai giroagatik.

Bada, aurten, zuk zeuk botako duzu txupinazoa. Irudikatu duzu zeure burua kioskoan?

Ez dut askorik pentsatu. Pregoia ere ez dut idatzi. Eguna ailegatuko da eta momentuan sentitzen dudana esango dut.

Kiroleko emaitzez harago, herriarengandik horrelako aitortza jasotzea ere lorpen handia da. Zeini eskainiko zenioke?

Gurasoei eta neskalagunari, haiek baitira nire alboan eta lasterketa guztietan daudenak. Eta, noski, lagunak ezin ahaztu.

Zerbait esan nahi diezu ermuarrei txupinazoaren aurretik?

Oso eskertuta nagoela txupinero izateko aukera eman didatelako, eta oso harro sentitzen naizela ermuarra izateaz. Espero dut santixauetan guztiek primeran pasatzea, eta ni ere haiekin batera egotea ospatzen.