Metal zaleek hitzordua izan zuten larunbat gauean Martxoaren 8a plazan, Santixauetako ohiko metal kontzertuarekin. Beti Txarto Ermuko Musikari Elkarteak antolatutako ekitaldian Ekinocio (Eibar), Velkhanos (Vigo eta Cieza) eta Sons of Decay (Donostialdea) taldeak igo ziren oholtzara, metalaren hainbat aldaera eskainiz.
Doako eta publiko guztientzako irekia izan zen kontzertua, eta hamarkadak daramatza Ermuko jaietako musika-eskaintzaren barruan. Lehen Ermuko Gazte Asanbladak antolatzen zuen, ondoren Tokiko Rock Taldeen Kolektiboak hartu zuen lekukoa, eta 2010etik Beti Txarto Ermuko Musikari Elkartea arduratzen da hitzordua antolatzeaz.