Santixauak 2026 - Ermua

Txarangak mahaiaren bueltan elkartu dira Santixauak agurtzeko

Ander Gomez 2026ko uztailaren 27a

Zezen Eguna da gaur Ermuan, eta urtero bezala, kaleak sukalde inprobisatu bihurtu dira. Goizeko eguraldi gorabeheratsuari aurre eginez, paellak prestatzen aritu dira Ermuko kuadrilla ugari; eta, horietatik, hogeita batek eman dute izena Lobiano Gastronomia Elkarteak antolatutako paella-lehiaketan.

Paella lehiaketara batu diren txaranga guztiek arroz-paketeak eta Ermuko Merkatari eta Ostalarien Elkartearen mantalak jaso dituzte opari, izena ematearren soilik. Epaimahaia osatu dute Beatriz Gamiz alkateak, Udala ordezkatuz; Quetzal dendako Montse Gonzalezek, EMOEren izenean; eta Mallabiko Trabakua Behekoa jatetxeko Christian Mendez sukaldariak, Lobiano Gastronomia Elkartearen ordezkari gisa. 

Paellak 14:00etatik 15:00etara bitartean aurkeztu behar ziren, eta azkenean hemeretzi txarangak eraman dituzte beren proposamenak plazako kioskora, epaimahaiak dastatu eta balora zitzan.

Arratsaldean sari-banaketa

Epaimahaikideek azaldu dutenez, paellen aurkezpena, arrozaren egosketa-puntua, testura eta zaporea izan dituzte kontuan. Irabazleak 19:00etan emango dira ezagutzera, 19:00etan, Orbe Kardinala plazako aterpean. Lehen sailkatuak 500 euroko saria eta garaikurra jasoko ditu; bigarrenak, berriz, 200 euro eta garaikurra.