Mario Mellado: "Nire anaiak gauzak ondo egin zituela erakusten du larunbatekoak"

Garazi Mendieta

Mario Mellado omenaldian. ALICIA MELLADO

Mario Mellado, Eskarmiento taldeko kide izateaz gain, Javi Enano-ren anaia eta omenaldiaren antolatzaileetako bat da. Larunbatean, Orbe Kardinala plaza hamabost rock talderen musikaz gozatzeko eta Javi gogoratzeko elkartu ziren herritarrez bete zen. Egunaren antolakuntzak eta jaialdiak utzitakoak emozioz gogoratzen ditu. 

Noiz eta nola sortu zen Javiren omenez rock jaialdi bat antolatzeko ideia?

Nik neuk ez nuen horrelakorik egiteko asmorik. Zerbait intimoagoa egin nahi nuen: hiru talde jotzen, leku txiki batean. Harekin jo zuten taldeei soilik deitu nahi nien hasiera batean, eta haiekin omenaldi txikiago bat egin. Baina antolakuntzan ikusi zuten Udalaren dirulaguntza bat lor genezakeela, eta horrela egitea proposatu zuten. 

Nolakoa izan da antolakuntza prozesua? 

Ekainean hasi ginen dela antolatzen. Nire anaia eta biok Ermuko eta Eibarko lokaletan ibili izan gara beti. Horregatik, hango zein hemengo lokaletan zebilen jendea kontuan hartu nahi izan genuen. Bi zerrenda egin genituen, herri bakoitzeko bat, nahi zuenak izena eman zezan. Ez genuen espero hainbeste talde aterako zirenik, eta, ondorioz, talde bakoitzaren errepertorioa hiru abestira mugatu behar izan genuen. 

Zergatik erabaki zenuten rock jaialdi bat egitea zela Javi omentzeko modurik egokiena? 

Nire anaia musika zen. Nik instrumentuak jotzen baditut eta musika hainbeste gustatzen bazait, neurri handi batean hark transmititu didalako da, txikitatik. Ezin genuen beste modu batean egin. Bizitza osoa pasatu dugu musika jotzen; Eskarmiento taldea duela 30 urte baino gehiago sortu genuen batera. Beti egon gara musikari lotuta, eta oraindik ere hala jarraitzen dugu. 

Larunbatean plaza jendez bete zen ordu luzez. Zer sentitu zenuen hainbeste jende Javiren omenez elkartuta ikustean? 

Izugarrizko harrotasuna sentitu nuen. Jende asko etorri zait esatera nire anaia harro egongo litzatekeela egin duguna ikusita. Plazatik pasatu eta gelditu zaitezke kontzertua ikustera, baina jende asko propio etorri zen nire anaiagatik. Eta hori niretzat ohore handia da.

Nola bizi izan zenuen arratsaldea antolakuntzaren barruan?

Goizeko hamarretan hasi nintzen izerditan, eszenatokia muntatzen, eta goizaldeko laurak arte ez nintzen gelditu. Bitarte hartan guztian hodei batean bezala egon nintzen. Dena primeran atera zen, antolakuntza ikaragarria izan zen eta jendea lehenengo minututik inplikatu zen. Ezin zen hobeto atera.

Zer esan nahi du zuretzat orain haren izenak musikaren eta Ermuko kaleen artean hain presente jarraitzeak?

Nire anaia beti izan da oso pertsona diskretua. Ez zuen sare sozialik ere, ez zuelako inoiz protagonismoa bilatu nahi izan. Eta orain, bat-batean, hura da protagonista. Kontzertua gauerdi inguruan amaitu genuen, eta goizaldeko laurak aldera arte jende asko hurbildu zitzaidan esatera egin genuena izugarria izan zela.

Nik ez dut sentitzen ezer egin dudanik. Hori merezi zuen hark, eta horrela atera zen. Eskerrak gora bidali behar ditugu. 

Horrelako jaialdiek tokiko musika eszena bizirik mantentzeko ere balio dutela uste al duzu?

Erabat. Jaialdiaren aurretik bazkaria izan genuen, eta pertsona batek JaviFest betiko egitearen ideia planteatu zidan. Gustatzen zait urtero horrelako zerbait egiteko aukera izatea: talde asko, bakoitzak denbora gutxiago jotzeko. JaviFest izena ez zait hainbeste gustatzen, beste izen bat bilatu beharko dugu, baina aukera bat ere bada hasten ari diren taldeentzat herriko eszenatokian jotzeko.

Zer nabarmenduko zenuke jaialdiko bost edo sei orduetatik?

Nire ustez, une politenetako bat gu geu eszenatokira igo ginenekoa izan zen. Nire anaiak gordeta zituen inoiz entzun ez nituen abesti batzuk. Horietako bat hartu eta jo egin genuen. Une hura eta Castle Rock azken aldiz jotzea izugarria izan zen. Izan ere, larunbatean Castle Rock azken aldiz entzun zen zuzenean; niri dagokidanez, behintzat.

Beste taldeek nola bizi izan dute jaialdia? Zer erreakzio jaso duzue ondoren?

Nire anaiarekin lehenago jo zuen jendeak parte hartu zuen, eta eszenatokitik jaitsi eta besarkatzera etortzen zitzaizkidan. Batzuek begiak malkoz beteta amaitu zuten. Oso polita iruditzen zait horrelako zerbait lortu izana.

Taldeak etorri eta "Enano harro egongo litzateke honekin" esatea oso hunkigarria izan da.

Eta, azkenik, zerekin geratzen zara larunbata bizi ondoren?

Bizitza osoko lagunekin. Larunbatean ikusi nuen behar dituzunean hor dauden pertsonak izan badirela. Eta larunbatekoa horren adibidea da. Horrek erakusten du nire anaiak gauzak ondo egin zituela.