Extremadurako gastronomiaz, kantuz, jolasez eta dantza tradizionalez beteriko astea Ermuan

Ander Gomez

Martitzenean bandera-igoera egin zuten udaletxean, Aste Kulturalari hasiera ofiziala emanez. A. Gomez

Asteburuko kontzertuek, txapelketak eta bazkariak borobilduko dute Ermuko Extremadurako Kultur Etxeak antolatutako 35. Aste Kulturala.

Martitzenean, irailak 8, ospatu zen Extremaduraren Eguna. Urtero bezala, Udalak harrera egin zien bertako kultur etxea osatzen duten bazkideei. Bilkura-aretoa bete zuten, eta alkateak euren sustraiekiko loturari eustera eta herritarrekin beren kultura partekatzen jarraitzera animatu zituen: "Gaur igoko dugun banderak ez dio lurralde bati soilik egiten erreferentzia; zuen sustraiak eta zuen historia dira, behin etorkizun hobe baten bila Ermura ailegatu ziren pertsonak dira, eta urte hauetan guztietan eraiki duzuen guztiaren erakusle da".

Veronica Pavo presidenteak, berriz, zentroaren sorrera bultzatu zutenen lana goraipatu zuen, eta gaur egun lortu den guztia ikustea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen: "Askok ez zekiten ez irakurtzen ez idazten, baina ausardia eta indarra zuten, eta handik ekarritako guztia elkarrekin zein herri osoarekin partekatzeko gogoa zuten". Bandera-igoera zentroaren bi sortzaileri eskaini zien: Santiago Pavori, aitari; eta Fernando Gonzalez osabari, zentroko lehen presidente izandakoari. Vanessa Gonzalez lehengusinarekin batera igo zuen bandera, elizpean bildutako herritarren txalo eta emozio artean. Ondoren, Kultur Etxean batu ziren guztiak, agintariekin batera ohore-ardoa eta mokadutxoa hartzeko.

Musika saioak, karta-txapelketa eta bazkaria asteburuan

Astean zehar kultur egitarau zabala izan dute: Umeen Egunean Lekim pailazoak eskainitako ikuskizuna, toka eta igel jokoak, jaki tradizionalen lehiaketa... Ekintza-sorta potoloena, ordea, asteburu honetan izango da. 

Gaur, barikua, San Pelayoko ohiko pintxo-poteak geldiune berezia izango du Extremadurako Kultur Etxean; bazkideek prestatutako ogi-mamiak, gazpatxoa eta txitxi-burruntzia dastatzeko aukera egongo da. 

Zapatu eguerdian, bertako Flor de Tomillo abesbatzak girotutako meza izango dute zentroan, eta zendutako bazkideei lore-eskaintza egingo diete. 17:00etan, kuatrola txapelketa hasiko da, eta, ondoren, arratsalde-pasa izango dute, Iker B-ren DJ saioarekin, 23:00ak arte. 

Domekan, 12:30ean, Jose Cobos kantautoreak Extremadurari omenaldia emanaldia egingo du zentroan; eta ostean, bazkaria egingo dute bazkideek eta gonbidatuek.