Lehiaketa, kalejirak, tailerrak eta jam sessionak barne hartuko ditu Folkez Blai jaialdiak

Ander Gomez

Foulareda, kalejiran. Argazkia: Nahia Albizuri.

Ermuan folk musika sustatzeko sortutako jaialdiak XXI. aldia ospatuko du aurten, eta instrumentu zaharrak eta doinu tradizionalak "egungo" bihurtuko dituzte bertako zein Valentziatik, Kataluniatik, Madrildik... etorritako taldeek.

Foularedak eta Alboka Musika Eskolak giroa berotu ostean, hiru egunez luzatuko den Folkez Blai lehiaketari ekingo diote gaur, Orbe Kardinala plazan. Azken orduko aldaketak egon dira; Galiziako Do Rives eta D'Supeto taldeek ezin izango dute jo, eta haien ordez arituko dira Musker taldea eta Valentziatik etorriko den Anima taldea. Horiez gain, iazko irabazlearen gonbita ere bertan behera geratu da, eta, Madrilgo Xara taldearen ordez, orain bi urte Vertigo Rocken aritutako Moonshine Wagon igoko da plazako kioskora. Segidan egitarau osoa, aldaketen ostean:

Irailak 11, barikua
  • 18:30 Musker
  • 19:45 Folk Rippers
  • 21:00 Talde gonbidatua: Moonshine Wagon 
Irailak 12, zapatua
  • 12:30 Kalejira: Bentazaharreko mutiko alaiak
  • 18:30 Espora (Katalunia)
  • 19:45 Ánima (Valentzia)
  • 21:00 Talde gonbidatua: Neomak
Irailak 13, domeka
  • 13:00 Talde gonbidatua: Folketan
  • 18:30 Talisker Band (Madril)
  • 19:45 Ferla Megia (Asturias)

Sari-banaketa domekako azken emanaldiaren ostean egingo da. Irabazleak 3.500 euroko saria jasoko du, eta datorren urtean jaialdian jotzeko aukera. Bigarren sailkatuak 2.000 euro jasoko ditu, eta gainontzeko parte-hartzaileek 500 euro jasoko dituzte, joan-etorriak ordaintzen laguntzeko.

Ikastaroak eta jam sessionak

Folkez Blairen oinarria gaurtik domekara bitartean jokatuko den musika taldeen arteko txapelketa den arren, jaialdia lehiaz haratago doala gogorarazi dute antolatzaileek. Alde batetik, mundu osoko instrumentu tradizionalak ikasteko tailerrak prestatu dituzte. Momentuz, txirula irlandarra, whistlea, bodhrana, bouzuki-gitarra eta pandero ikastaroak lotu dituzte; guztiak zapatuetan, goizez eta arratsaldez. Hala ere, biolin eta txelo ikastaroak ere lotzen ari dira. Interesa dutenek 696 30 72 39 (Luis) Whatsapp zenbakira idatz dezakete edo formularioa bete HEMEN.

Bestetik, tailerretako ikasleek, lehiaketako partaideek eta animatzen diren herritarrek Trabakua aldean egiten diren jam session pribatuetan parte hartzeko aukera dute. Bariku eta zapatu gauetan egitea aurreikusi dute, eta izena eman nahi dutenek plazako txosnara jo beharko dute.

Ikusleak dantzan, iazko jaialdian. A. Gomez