Sarritan entzuten da urtarrileko aldapa esaera, baina abuztuko oporraldien ostekoa are gogorragoa izan daiteke, batez ere seme-alabentzako eskolako materiala eta arropa erosi behar dituzten familientzat. Horregatik, Aukera Azokaren edizio berria antolatu du EMOEk: bertako komertzio txikiak bi egunez egongo dira plazan, eta beherapen eta eskaintza bereziak jarriko dituzte herritarren eskura, 10:00etan hasi eta 20:00etara bitartean.
Azokan Gemma Moda, Kokko, Mediterranea, Munay eta Quetzalen udako sasoiko azken arropak zein udazkeneko denboraldiko proposamenak topatu ahal izango dira. Lulu Beberen haurrentzako jantziak ere izango dira eskuragarri, baita Gauzak eta Guipurren mertzeria artikuluak, Sagarduiren poltsak eta Ermuaprinten pertsonalizatutako produktuak ere. Bestalde, Mañekoazpiren ogiak eta gozoak dastatu ahal izango dituzte gaur eta bihar artean plazara gerturatzen diren herritarrek.