Minbiziaren Aurkako Martxarako izen-ematea zabalik Ermuan

Ander Gomez

Eli Bermudez eta Angela Rabadan, lehen dortsalak saltzeko prest, Merkatu Plazako lokalean. A.G.

Ermuko Minbiziaren Aurkako Elkarteak gaur goizean zabaldu ditu Merkatu Plazako lokaleko ateak, eta urrian egingo den martxa solidarioaren lehen elastikoak saldu dituzte, 300 dagoeneko.

Urriaren 18an burutuko da Ermuko Minbiziaren Aurkako 12. Martxa, eta gaur goizean, 10:00etan, zabaldu dute izen-ematea. Iaz bezala, 3.100 plaza daude, eta Merkatu Plazara gerturatzen direnek, norbere dortsala zein besteena eskuratu ahal izango dute, hauen datu pertsonalak emanda. Dortsal bakoitzak 10 euroko kostua du, eta, horrekin batera, elastikoa jasoko da. 


Aurtengo aldirako berdea aukeratu dute, elkartearen kolorea. A.G.

Hamabigarren martxa

Azken urteetan bezala, hiru kilometro eta erdi inguruko luzera izango du martxak. Ibilbidea korrika zein oinez egin ahal izango da, eta bi orduko epea emango dute Orbe Kardinala plazan egongo den helmugara ailegatzeko. Bertan, herritarrak kontzientziatzeko ekintzak egongo dira, eta, parte-hartzaile denak plazara ailegatzean, martxan bildutako dirua dohaintzan emateko ekitaldia egingo da. Aurten, Prostatako minbizian kastrazioarekiko erresistentziaren azterketa terapia zuzendu berriak ikerkuntza-proiektura bideratuko da dirua. CIC bioGUNEko Laura Bozal ikertzailea da proiektuaren arduraduna, eta martxaren egunean Ermuan izango da, txeke sinbolikoa jasotzen.

Iazko txekea Andrea Sáez de Cámara doktoreak zuzendutako "CAR-NK off-the-self" immunoterapia proiektua laguntzera bideratu zen. A. Gomez

Plazak agortu arte

Ermuko Minbiziaren Aurkako Elkarteko kide eta boluntarioak dortsalak agortu arte egongo dira Merkatu Plazako lokalean. Martitzenetik barikura 10:00etatik 12:00etara egongo dira goizez, eta 17:00etatik 19:30era arratsaldez. Zapatuan goizez bakarrik zabalduko dute, baina ordubete gehiago, 10:00etatik 13:00etara.


Izen-emate orriak Merkatu Plazako lokaleko atean daude, eta elkarteko boluntarioak bertan egongo dira, izena eman nahi dutenei laguntzeko prest. A.G.