Mendiko korrikalarien topaleku bihurtuko da Ermua bihar, irailak 19. Hiru Txikiak Trailak bosgarren aldia izango du, eta 1.200 parte-hartzailetik gora bilduko ditu Urko, Oiz eta Egoarbitza zeharkatzen dituen probak. Izen-emateen jatorriak, gainera, agerian uzten du lasterketa dagoeneko udalerritik eta ingurutik harago iritsi dela: parte-hartzaileak hogei probintzia baino gehiagotatik iritsiko dira; Kanariar uharteetatik, Mallorcatik eta baita Paristik ere. Antolatzaileen esanetan, lehen edizioan 450 lagun inguruk hartu zuten parte, eta, bost urteren ondoren, kopuruak hirukoitza gainditu du.
Parte-hartzearen dimentsioa bereziki nabarmena da aurten, modalitate guztietako dortsalak agortu baitira. 42 kilometroko Trail modalitateko 350 dortsalak 90 minutuan saldu ziren, eta Txiki Traileko 150 plazak ere bete dira. 27K Trailak eta Gazte Trailak ere ez dute lekurik libre utzi. Gainera, azpimarratzekoa da probak bertakoen babes handia duela, korrikalari gehienak ermuarrak baitira, nahiz eta Estatuko hainbat txokotatik ere etorriko diren.
27 kilometroko erronka berria
Bosgarren edizioak berritasun nagusi bat izango du kirol arloan: 27K Trail proba. Ibilbide berriak 27 kilometro eta 1.500 metro inguruko igoera izango ditu, eta, horrela, antolakuntzak beste aukera bat eskaini nahi die mendian korrika egiteko prest daudenei, 42 kilometroko probaren eskakizunari aurre egin gabe.
42 kilometroko proba klasikoak bere horretan jarraituko du, 2.100 metroko igoerarekin, eta bi modalitatetan egin ahal izango da: Trail kronometratuan edo lehiarik gabeko Martxan. Bi kasuetan, ibilbideak Hiru Txikiak izenari zentzua ematen dioten hiru tontorrak lotuko ditu: Urko, Oiz eta Egoarbitza.
1.200 parte-hartzailetik gora bilduko ditu Hiru Txikiak mendi lasterketak
Proba klasikoko korrikalariek, gainera, beste pizgarri bat izango dute aurten: 500 euroko saria izango da iazko marka hausten duenentzat. 2025ean, Julen Olaizolak ezarri zuen gizonezkoen marka, 3 ordu eta 52 minutuko denborarekin; emakumezkoetan, berriz, Sonia Lopezek egin zuen denborarik onena, 4 ordu, 34 minutu eta 30 segundotan. Biak ermuarrak dira, eta bihar ikusiko da ea aurten norbaitek etxeko errekorrak gainditzea lortzen duen.
Adin guztietarako probak
Hiru Txikiak lasterketak ez ditu esperientziadun korrikalariak bakarrik hartuko. Gazteek ere beren proba izango dute, eta Gazte Trailak 12 kilometro eta 560 metro inguruko igoera izango ditu. Proba Aixolako presan hasiko da eta parte-hartzaileak autobusez eramango dituzte irteera-gunera.
Kategoria horretan, gainera, emakumeen parte-hartzea bereziki nabarmenduko da. Parte-hartzaileen %53 neskak izateak emakumezkoen presentzia handia erakusten du gazteen artean. Antolakuntzak hamargarren ediziorako proba osoan parekotasuna, %50-%50ekoa, lortzea du helburu, eta Gazte Traileko datuek norabide horretan aurrera egiteko aukera erakusten dute.
Eta txikienek ere izango dute egitarauan beren lekua. Txiki Trail hiru adin-tartetan banatuko da: 2 eta 4 urte bitarteko haurrek 150 metroko ibilbidea egingo dute; 5 eta 9 urte artekoek, kilometro batekoa; eta 10 eta 14 urte bitartekoek, 1,5 kilometrokoa. Guztira, 150 dortsalak agortu dira.
Goizean goizetik hasiko da egitaraua
Biharko jardunaldia goiz hasiko da. 06:45ean irekiko dute Merkatu Plazan dortsalak jasotzeko gunea, eta paellarako txartelak ere bertan erosi ahal izango dira. 08:00etan abiatuko da Martxa, eta 09:00etan 42K Trailaren txanda izango da. 27K Trailak 10:00etan izango du irteera, eta 10:15ean Txiki Traila aterako da.
Gazteen proba 11:00etan hasiko da, Aixolako presan. Lehen korrikalariak 12:30 inguruan iristea aurreikusten du antolakuntzak, baina lasterketa 18:00etan itxiko da. Ordu berean egingo dute sari banaketa, San Pelaio parkean.
Ibilbidean zehar, gainera, hainbat animazio-gune izango dira: Elektrojaia arduratuko da musikaz Oizko 7. errotan, txalapartariak izango dira Oizko tontorrean, eta DJ eta esatariak arituko dira Aixolako presan. Horrela, parte-hartzaileek ibilbidean zehar herritarren eta zaleen animoak ere izango dituzte.
Menditik kalera, eta gauera arte
Lasterketaren bosgarren aldia ez da helmugan amaituko. 18:00etan, sari banaketa egingo dute San Pelaio parkean, eta ordu erdi geroago hasiko da Primo Bayoren Disco Party ibiltaria. Parketik abiatuta, musika-saioa herriko hainbat gunetara mugituko da. Ostean, Sagarra izango da azken txanpako topagunea, eta 00:30ak arte girotuko dute festa; besteak beste, Diego Lavida DJ sevillarra eta Javier Ganuza arduratuko dira musikaz.
Ermuko mendiak beste behin ere herrikoak eta kanpotik etorritakoak elkartzeko gune bihurtuko dira, eta bosgarren edizioak erakutsiko du Hiru Txikiak Trail dagoeneko ez dela bertakoentzako hitzordua soilik: Estatuko hainbat txokotatik etorritako korrikalari eta mendizaleek ere izango dute Ermua abiapuntu eta helmuga bihar.