Polemika artean jokatu da gaur Hiru Txikiak Trail

Garazi Mendieta

Atzo babesletza baten inguruan sortutako eztabaidak eragina izan du gaurko lasterketan, eta hainbat parte-hartzailek eta boluntariok ez parte hartzea erabaki dute; antolakuntzak, berriz, indarkeria matxista baztertu eta babesletzaren erabakia defendatu du.

Hiru Txikiak Trail lasterketa normaltasunez egin da gaur Ermuan, baina azken egunean babesletza baten inguruan sortutako polemikak presentzia izan du proban. Hainbat korrikalarik eta boluntariok ez parte hartzea erabaki dute, eta protestarako hainbat ekintza ikusi ahal izan dira lasterketan zehar.

Eztabaidaren hasiera

Polemika atzo hasi zen sare sozialetan Lorea Totorika korrikalari ermuarrak zabaldutako adierazpenarekin. Totorikak Hiru Txikiak Trail lasterketak FEREDU enpresarekin duen babesletza zalantzan jarri du, enpresa lasterketaren babesleetako bat baita aurten. Korrikalariak azaldu duenez, duela bost urte genero-indarkeria egoera bat bizi izan zuen, eta, haren esanetan, orduan berak eta ustezko erasotzaileak lan egiten zuten enpresak azken horren alde egin eta langile gisa zituen oinarrizko eskubideak urratu zizkion. Totorikak adierazi duenez, auziak epai judiziala du.

Horren aurrean, aurten lasterketan ez parte hartzea erabaki duela azaldu du Totorikak, enpresa hori probako babesleetako bat izatearekin ados ez dagoelako. Haren esanetan, antolakuntzari gertatutakoa azaldu eta epaiak helarazi zizkion, baina lasterketak babesletzari eustea erabaki zuen. Totorikaren ustez, lasterketa batek ordezkatzen dituen balioak eta aukeratzen dituen enpresak ere kontuan hartu behar dira.

Antolakuntzaren erantzuna

Hiru Txikiak-en antolakuntzak atzo bertan erantzun zion argitalpenari, eta «genero-indarkeriaren, jazarpenaren, diskriminazioaren edo edozein pertsonaren eskubideen urraketaren aurkako erabateko gaitzespena» adierazi zuen. Aldi berean, azpimarratu du ez duela zerikusirik Totorikak aipatutako lan- eta harreman pertsonaleko gertakariekin, eta ez dela horietan parte izan.

Antolakuntzaren arabera, enpresa bat babesletzat hartzeak ez du esan nahi lasterketatik kanpo izan ditzakeen jarduerak ezagutzen, partekatzen edo babesten dituenik. Era berean, ez du auzi judizial eta laboralaren inguruan publikoki baloraziorik egin nahi izan, ez baita prozesu horren parte.

Protestak lasterketan zehar

Gaurko lasterketek normaltasunez egin dute aurrera, eta irteeretan ez da gorabehera berezirik izan. Hala ere, hainbat protesta ekintza ikusi ahal izan dira. Antolakuntzaren arabera, hainbat korrikalarik ez parte hartzea erabaki dute, eta hainbat boluntariok ere ez dute jardun. Trabakuako hornikuntza-gunea hutsik geratu da une batean, eta antolakuntzak azken orduko aldaketak egin behar izan ditu beste pertsona batzuk bertara eramateko.

Bestalde, FEREDUren publizitate-kartelak kentzen ari ziren irudiak ikusi ahal izan dira, eta hainbat korrikalarik protesta mezuak erakutsi dituzte helmugan, Totorikaren alde, antolakuntzaren kontra eta FEREDU enpresari boikot egitea eskatuz. 

Horrela, kirol jardunaldiak normaltasunez egin badu ere, azken eguneko polemikak presentzia izan du aurtengo Hiru Txikiak Trail-en. Protesta ekintzek eta FEREDUren babesletzaren inguruan sortutako eztabaidak lasterketaren garapenarekin bat egin dute, bai ibilbidean, bai helmugan ikusitako ekintzen bidez.