Euskal Birusak San Martin Azokaren hitzordua jarri du azaroaren 14rako

Garazi Mendieta

San Martin azoka, iaz. 

Ermuko kaleak azoka, musika eta euskararen topagune bilakatuko dira berriro azaroaren 14an, XXXVI. San Martin Azokari esker. Euskal Birusa elkarteak prestatutako egitarauak tokiko nekazaritza zein artisautza produktuak jarriko ditu erdigunean, eta giroa berotzeko jarduera ugari eskainiko ditu egun osoan zehar.

Euskararen erabilera herriko kaleetan zabaltzeko eta ermuarren arteko loturak sendotzeko helburuarekin, San Martin Azoka ospatuko da berriz ere azaroaren 14an Euskal Birusa elkartearen eskutik. Ermuko kaleak azoka, musika eta euskararen topagune bilakatuko dira, inguruko baserritar zein artisauei euren lanak erakusteko eta saltzeko aukera zuzena emanez.

Aurten, gainera, lehiaketen atalak berrikuntza nagusi bat izango du: azken urteetan egindako eskaerei erantzunez, euskal pastel lehiaketa egingo da lehen aldiz. Lehiaketa berri honekin batera, ohiko kategoria nagusiek ere jarraituko dute: fruta eta barazkiak, gazta, eztia, ogia, sagardoa eta txakolina.

Nekazaritza produktuez gain, artisautzak ere bere gune propioa izango du azokan, bertako zein inguruko sortzaileen lana balioan jartzeko. Egun osoan zehar giroa berotzeko hainbat jarduera antolatuko dira, eta egitarauaren xehetasun guztiak datozen asteetan emango dituzte ezagutzera.

Parte hartzeko eta izena emateko epeak

Azokan parte hartu nahi duten ekoizle eta artisauek urriaren 1etik 10era bitartean zabalik izango dute izena emateko epea. Kontuan hartu beharreko baldintzak eta izena emateko bideak honako hauek dira:

Ekoizleak:

Bizkaiko udalerri guztietako ekoizleek hartu ahal izango dute parte, eta, salbuespen gisa, Eibarko ekoizleek ere aurkeztu ahal izango dute eskaera. Izena ematea Ermuko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin beharko da.

Artisauak:

Parte-hartzaileen artean, herriko artisauek izango dute lehentasuna. Eskaera-orriarekin batera, egindako lanen argazki batzuk bidali beharko dira posta elektronikoz sanmartinazoka@gmail.com helbidera.