Udazkeneko programazioari ekingo dio gaur Ermua Antzokiak

Ander Gomez

Karmentok emango du lehen kontzertua, datorren barikuan. KARMENTO

Irailetik abendura Antzokian eta Lobiano Kulturgunean emango diren kontzertu, antzezlan eta gainontzeko ikuskizunetarako sarrerak salgai daude jada, Lobianon zein Kutxabanken webgunean.

Joan den barikuan, arazo teknikoengatik bertan behera geratu zen udaberriko programazioko ZirKuSS ikuskizuna egin zuten, Donostiako Sustrai konpainia donostiarraren eskutik. Udazkeneko programazioaren estreinaldi ofiziala, ordea, gaur izango da, eta Imanol Arias ermuarrak egingo du. Maria Barrancorekin batera, Mejor no decirlo obra taularatuko du antzokian, eta urte asko elkarrekin daraman bikote baten eguneroko gorabeherak umorez kontatuko dituzte.

Pertsonaia ezagunen eta anonimoen bizitzak

Gaurkoa ez da antzezlan bakarra izango. Urriaren 23an, Carmen Moralesek duela hogei urte zendutako amaren bizitza eta abestiak berreskuratuko ditu, Rocío Dúrcal es inolvidable ikuskizunean. Azaroaren 13an, Jose Sacristanek El hijo de la cómica bakarrizketa taularatuko du, Fernando Fernan-Gomezen haurtzaroa eta bizitza kontatzen duena; eta 27an, Magma Mia konpainiak Jo! aurkeztuko du, boxeoa egiten ari diren bi lagunen arteko topaketaren gaineko antzezlan umoretsua. Abenduaren 18an, Histrion Teatrok Dysphoria aurkeztuko du, ama baten eta alaba nerabearen arteko gatazketatik abiatuta. Antzerki programazioa abenduaren 30ean itxiko da, Yllana eta Primital Brothersen Madness komedia musikalarekin.

Sustraiak eta fusio berriak entzungo dira

Kontzertuei dagokienez, urriaren 2an, La Serrana disko neofolklorikoa aurkeztuko du Karmentok; eta 16an, Arcok, El Puchero del Hortelanoko buru ohiak, rock andaluziarra eta flamenko-fusioa ekarriko ditu Ermura. Azaroaren 6an, Ruper Ordorika izango da, Mugalariekin batera, Lurra ikutu barik aurkezten; eta 11n, Pedro Pastor y Los Locos Descalzos taldeak hamar urteko ibilbideari errepasoa egingo dio, cumbia, funka, musika afrikarra eta folklore latinoamerikarra nahastuz.

Ohikoa den moduan, blues kontzertuen zikloa ere egongo da Lobianon. Urriaren 17an, Greg Izor Blues Quartet arituko da; azaroaren 7an, Dani Nel·lo & Organ Trio; eta abenduaren 12an, Andhrea & The Black Cats.

Bestelako ikuskizun bereziak

Urriaren 24an, Markeliñeren Hodei guztien gainetik lanak hasiko du haur eta familientzako ikuskizunen egitaraua; jolasteko plazera ahaztu duen aita baten istorioa kontatzen du. Azaroaren 21ean, Benetan Be konpainiak Bidutzi taularatuko du; Aratuste gaua irudikatuko du, eta beldurra eta umorea tartekatuko ditu. Abenduaren 26an, Anita Maravillasek Tretatxu bidelapurraren istorioa aurkeztuko du. Eta 29an, ZKZ '26 zirku-gala ospatuko da.

Bestalde, urriaren 30ean, San Martin Azokaren bertso jaialdia egingo dute, eta Irune Basagoiti ermuarrarekin eta Araitz Katarain mallabitarrarekin batera izango dira Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Aitor Etxebarriazarraga. Azaroaren 20an, Santa Zezilia Jaialdia egingo dute, Alboka Musika Eskolako ikasleen eta Txindurri taldeko dantzarien eskutik.