Ermuko Santa Ana auzoko bazkaria bertan behera geratu da

Garazi Mendieta

Udalak baimena ukatu die antolatzaileei, Eskolabarri aurrean 70 lagun inguru elkartzeko eta auzoko harremanak sustatzeko asmoa zuen ekimenerako.

Santa Ana auzoko bizilagunek biharko, irailaren 26rako, Eskolabarri aurreko aparkalekuan antolatuta zuten auzokideen bazkaria bertan behera geratu da, Udalaren baimenik jaso ez dutelako. Ekimenak harrera oso ona izan zuen herritarren artean, eta 70 lagun inguruk eman zuten izena elkarrekin bazkaltzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, eskaera ofiziala aurkeztu zuten Ermuko kultur elkarte baten izenean. Udalak, ordea, ezetsi egin zuen eskaera hori, baita ondoren egindako bigarren saiakera bat ere. Udalaren erantzunaren arabera, ezezkoaren arrazoiak bi izan dira: eskaera partikular batek egin izana eta elkartearen helburu orokorren zein proposatutako ekimenaren artean lotura zuzenik ez egotea.

Antolakuntzak adierazi du baimena lortzeko baldintzak egokitzeko prest agertu zela une oro: Udalaren materialik gabe antolatzeko, errepidea moztu gabe egiteko eta kudeaketa guztia erabat euren gain hartzeko. Hala ere, azkenean ez dute lortu espazio publikoa erabiltzeko baimenik, eta ekimena bertan behera uztea beste aukerarik ez dute izan.

Bazkariaren helburu nagusia Santa Ana auzoko bizilagunen arteko harremanak sustatzea eta elkar ezagutzeko gune bat sortzea zen. Antolatzaileek gogorarazi dute duela 40 urte inguru auzoan egiten ziren jaiei esker komunitatea askoz estuagoa zela, eta ekimen honekin harreman horiek berriro pizteko lehen urratsa eman nahi zutela.