Rubencio: "Ilusioa egiten dit Ermura bueltatzeak eta lagunek nire zaletasun berria ezagutzeak"

Ander Gomez

Paisaiez gain, ate zaharretako detaileak margotzea atsegin duela dio Rubencio-k. A. GOMEZ

Rubencio margolaria Kolorearen memoria akuarelen bilduma aurkezten ari da Ermuan. Lobianoko erakusketa-gelan dago, eta gaur eta bihar izango da hura ikusteko azken aukera. Artista bertan izango da bi egunotan, eta interesa dutenek bere lanak erosi ahal izango dituzte.

Hilaren 14tik, arratsaldero, Gasteiztik dator Rubencio ezizenez ezaguna den Ruben Alvarez Lozano margolaria (Eibar, 1969). Gustura egiten du bidaia, dioenez, Amañakoa delako –zehazki, Amaña B-koa, "gaur egun auzoaren izena mantentzen duen kale bakarra"– eta gazte garaia Ermuan eman duelako. Aspaldiko lagunen eta hamarnaka herritarren bisitak ditu egunero, 60 akuarelaz osatutako bilduma ikusteko.

Koadro askok hostotxo gorri bat dute itsatsita behealdean. Zergatik?

Salduta daudenak dira. 120, 150 eta 300 euroan eskuratu daitezke. Garestiago izatearen arrazoia tamaina da; bestela, lana berbera da, edo zailagoa. Trenen eta loreen artean, adibidez, buruhauste gehien ematen didatenak loreak dira, gorroto ditut; kar-kar.

Bada, lore dezente dituzu bilduman.

Denetik egin behar delako. Erakusketa zabala nahi nuen koloreei eta irudikatutako gaiei zegokienez.

Zein gai duzu gustukoen?

Itsasoak eta zeruak, batik bat. Ateak ere bai, detaileak egitea gustatzen zaidalako: arrakalak, hormetako pitzadurak, itzalak... 

Akuarela ez da, ba, detaileak lantzeko teknika erraza...

Hasi eta lehen hilabetean lagatzekotan egon nintzen. Baina, alabak erakutsitako bizpahiru trikimailurekin, pintura alde guztietara ez zabaltzea eta forma zehatzagoak egitea lortu nuen.

Zein trikimailu erabiltzen dituzu?

Loreak, adibidez, margotu beharrean, pintura zipriztinduz egiten ditut. Zeruen kasuan, pasaldi bakarrean egin behar dira, eta hiru minutu dituzu lehortu aurretik; kasu horretan, papera bi aldeetatik bustitzea da gakoa, bi minutu estra lortzen dituzu. 

Zenbat denbora daramazu akuarelaren munduan? 

Sei urte eskas. Baina aurretik ez dut bestelako teknikarik landu, ez nuen margotzen.

Ezta txikitan ere?

Bai, etxe bat eta seis y un cuatro, tu retrato; kar-kar. Gero, Armeria Eskolan delineatzaile aritu nintzen, eta, agian, horrek hiru dimentsioak ulertzen lagundu dit; bestela, futbolari bati saskibaloian jokatzea eskatzea bezala da: biek baloi borobila dute; hortik aurrera, zerikusirik ez.

Eta nolatan zaletu zinen?

Alabak unibertsitatea hasi eta akuarela eskolak lagatzean esan nion: "Orain, nire txanda da". Gutxira, COVIDak sekuelak laga zizkidan, eta margotzeak arintzen dizkit minak. Gogorik ez dudanean, bozetoak edo I+G+b izendatzen ditudan proiektuak egitera behartzen dut neure burua.

Zertan datza I+G+b hori?

Gaizki ateratzen zaizkidan lanetan probak egitean, teknika berriak ikastean, akatsak nola zuzendu aztertzean... Eta bukatzen ditudanean ez ditut botatzen; moztu eta orri-markatzaile bihurtzen ditut, gertukoei oparitzeko. 

Beraz, saiakera bakarrekoak dira.

Beti. Ez dut aurretik praktikatzen. Behin hasita, emaitza emaitza da, eta, behin sinatuta, ez dut berriz ere ukitzen. Nire filosofia sinplea da: obra bakarra egiten dut eta obra bakarra saldu, ez nago NFTen kulturaren alde.

Horixe da zure Instagram kontuko aurkezpen mezua, NFTrik ez, debeku-seinalearen emojiarekin.

Sarean artelanen kopia digitalak saltzen dira kriptodirua erabiliz. Hori egitea eskaini izan didate, diru askoren truke, baina ez dut onartu. Hain zuzen, Instagram kontua hackeatu zidaten horretarako. Orain, @rubencioacuarelaeibar bezala topatu nazakete.

Argi dago ez zarela mundu digitalera pasako, baina baduzu gogorik beste teknikarik probatzeko?

Alabak akrilikoen maletatxo bat oparitu zidan, detaileak hobeto lantzeko eta birpasatzeko aukera ematen dutelako, baina zabaldu barik dago oraindik. Akuarelekin maiteminduta nago, eta asko dut erakusteko oraindik. Lobianora etorri diren kuadrillako askok ez zekiten ezta margotzen nuenik ere, eta ilusioa egiten dit Ermura bueltatzeak eta lagunek nire zaletasun berria ezagutzeak.

Etorri ez denak astia du oraindik...

Gaur eta bihar egongo naiz, zapatu eta igande, 12:00etatik 14:00etara. Herritar denak gonbidatzen ditut, hementxe izango naute zain.

https://barrena.tok-md.com/argazkiak/dpE/RUBENCIO_ERAKUSKETA.jpg