San Martin batzordea aktibatzeko deia egin dute

Garazi Mendieta

San Martin batzordearen talde argazkia 2024an

San Martin antolatzen hasteko, Euskal Birusak bilera irekia egingo du Lobianon ostegunean, urriaren 1ean, 18:30ean. Herritarrak batzordean parte hartzera animatu nahi dituzte, jaiak prestatzeko beharrezkoa baita antolaketan lagunduko duen jendea biltzea.

San Martin ez da azoka eguneko lana bakarrik. Aurretik ere hainbat egiteko izaten dira: artisauen azoka prestatzea, ikastetxe eta gonbidatuekin harremanetan jartzea, postuak antolatzea, komunikazioa lantzea edota diru-kontuak kudeatzea, besteak beste. Horretarako, aurten ere San Martin batzordea osatu eta martxan jartzea da Euskal Birusaren asmoa.

Elkarteak gogorarazi du San Martin “herri lana” dela, eta horregatik herritarren parte-hartzea beharrezkoa dela jaiak antolatzeko. “Jendea behar da batzordea aktibatzeko eta San Martin antolatzeko”, adierazi dute.

Antolaketan lagundu, ideiak proposatu edo jaiaren prestakuntzan parte hartu nahi duten herritarrak urriaren 1eko bilerara joatera gonbidatu dituzte.