Aurtengoa 26. edizioa da, Europako Kontseiluaren bultzadari esker eta Europar Batasunarekin lankidetzan, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko 170etik gorako kultur-eragile, udal eta erakunderekin elkarlanean proposatutako kultur ekimen erraldoia.
“Gure eskuetan” lelopean, aurtengoak ondarea babestearen kontuetan inoiz baino gehiago inplikazio kolektiboaren menpe dagoela jarri nahi izan du azpimarra. 200dik gorako jarduera egingo dira ondarea herritarrengana gerturatzeko, berau ezagutuz baloratu eta zaintzearen ezinbestekoaz sentsibilizatzeko asmoz.
Ermuan urriaren 3an, zapatu goizez burutuko denak “Ermuko doinu barrokoak” izenburua du eta Gerediaga Elkarteak eta Ermuko udalak elkarlanean antolatutakoa da. Donejakue Apostoluaren elizako koroan dagoen organoa, Bizkaiko zaharrenetarikoa da, Ziortzakoaren ondorengoa, biak ala biak Joseph Echebarria organugile eibartarrak eginikoak. Ermukoa 1729 eta 1733 urteen artean egin zen, Orbe Kardinalaren diru-ekarpenarekin. Organoa batzen duen gaztaina egurrezko egitura, beronen tutuak eusteko diseinatutakoa, daukan edertasunagatik Euskal Herriko organoen artean harribitxi modura katalogatuta dago.
Gaztelaniaz izango da aurreneko hitzordua 10.30etan eta euskarazkoa haren ondorengoa 11.30etan. Ezinbestekoa da izena ematea eta lotura honetan egin daiteke.