Podcast estudio ibiltaria jarri dute Orbe Kardinala plazan, estereotipoak hizpide

Garazi Mendieta

Elkarrizketak grabatu dituzte kalean, herritarren parte-hartzea sustatzeko. G.MENDIETA

Kamanga estudio ibiltariak podcast irekiak eta kaleko elkarrizketak egingo ditu aste honetan, herritarren parte-hartzea eta hausnarketa sustatzeko. Eguraldiak laguntzen badu, gaur eta bihar 16:30etik 19:30era jarduerarekin jarraituko dute.

Kamanga 360 proiektu ibiltaria aste honetan itzuli da Ermura. Astelehena ezkero, edukiontzia zabalik izan dute arratsaldero, bertan podcast irekiak grabatzeko, herritarren parte-hartzea eta elkarrizketa sustatzeko helburuarekin. Mahaia, aulkiak eta kamerak kalera atera eta Orbe Kardinala plazan jarri dute estudioa, eta bertatik nahi duen orok parte hartzeko eta nahi duen gauzei buruz hitz egiteko aukera izan du. Horrez gain, taldeko kideak kalera atera dira herritarrei elkarrizketak egitera eta gaurkotasuneko gaien inguruan haien iritziak jasotzera. Eguraldi txarrak, ordea, jarduera batzuk nahi bezala egitea eragotzi die. 

Oraingo honetan, gezurrak, albiste faltsuak eta estereotipoak izan dituzte hizpide nagusi. Sare sozialen bidez gero eta eduki gehiago zabaltzen diren honetan, informazio faltsuak eta aurreiritziak nola sortu eta hedatzen diren azaleratu nahi izan dute. Bereziki gazteen artean gai horiek duten presentziari erreparatu diote, eta elkarrizketa eta hausnarketa sustatzea dute helburu. Izan ere, proiektuaren planteamenduaren arabera, kalea eta ikus-entzunezkoak tresna izan daitezke horrelako gaiak herritarrengana gerturatzeko eta informazioa modu kritikoan jasotzeko. 

Kalea, elkarrizketarako espazio

Kamanga 360 ez da, hala ere, podcastak grabatzeko edukiontzi soil bat. Proiektuak ikus-entzunezko sorkuntza eta kaleko parte-hartzea uztartzen ditu, eta edukiontzia herriz herri eramaten dute, bakoitzean bertako herritarrekin eta eragileekin elkarrizketak sortzeko. Formatu irekiaren bidez, ohiko elkarrizketa edo jarduera formaletatik harago, kalean bertan hitza hartzeko aukera eskaintzen dute.

Podcastez eta kaleko elkarrizketez gain, material ugari ere jartzen dute kalean, hainbat gairen inguruan hausnarketa eragiteko. Besteak beste, tutoretzarik gabeko adingabeen irudiak dituzten muralak eta mezuak dituzten imanak erabiltzen dituzte. Material horien bidez, migrazioaren, bizikidetzaren eta gizartean zabaltzen diren estereotipoen inguruan herritarren arreta piztu nahi dute. Horrelako ekimenak garatzeko, gainera, bisitatzen dituzten herri eta hirietako immigrazio departamentuekin elkarlanean aritzen dira.

Duela bi urte ere Ermuan

Kamanga 360k aurretik ere izan du harremana Ermuarekin. Duela bi urte, Ermua, kulturarteko herria ekimenaren barruan egon ziren udalerrian, eta orduko esperientzia bereziki parte-hartzailea izan zela gogoratzen dute. Herritar ugarik hartu zuten parte egitasmoan, eta taldeak bereziki gogoan du txikienen parte-hartzea. Esperientzia haren ostean, aste honetan berriro ekarri dute beren estudio ibiltaria Ermura.

Proiektuaren helburua, azken batean, kalea elkarrizketarako eta hausnarketarako espazio bihurtzea da. Horretarako, herritarrak ez dira soilik ikusle: podcastetan parte har dezakete, elkarrizketetan beren iritzia eman edo kalean jarritako materialekin topatu eta horien inguruan hausnartu. Hala, begirada kritikoa sustatu nahi dute herritarren artean. 

Izugarrizko arrakasta izan zuen ekimenak 2024an. KAMANGA