Zozketa

‘Bidutzi’ antzezlana ikusteko bi sarrera bikoitz zozketan, Eibarko eta Ermuko emanaldietarako

Ander Gomez

Benetan Be Teatroak bere bosgarren ikuskizuna aurkeztuko du. Urte bukaerara bitartean, hamabost emanaldi dituzte aurreikusita, eta bi aldiz pasako dira Debabarrenetik: datorren eguenean, urriaren 24an, Eibarko Coliseoan izango dira; eta azaroaren 21ean, Ermua Antzokian. BARRENAk bi sarrera bikoitz ditu emanaldi bakoitzerako (albiste bukaeran zozketan parte hartzeko loturak).

Bidutzi euskarazko umorezko antzezlana da. Hiru urtetik gorako ume eta familiei zuzenduta dago, eta, zuzeneko musikarekin eta txotxongiloekin, inauteri gauean girotuta dagoen istorioa kontatzen du. Protagonistetako baten izena hartzen du antzezlanak: Bidutzi munstro txiki bat da, eta gauerdia baino lehen norbait ikaratzea du helburu. Eureka doktorea, ordea, haren atzetik dabil, harrapatu eta aztertzeko asmoz. Baina ihesaldian ez da bakarrik egongo, Godofredoz mozorrotuta dagoen Ainara inauterizale amorratua izango du lagun.

Benetan Be konpainiak “beldurra eta barreak aldi berean” agindu ditu, eta ikuskizunaren proposamena “adin batetik aurrera agertzen diren beldurrei umorearen bidez heltzea” dela diote. Patricia Urrutia da zuzendari artistikoa eta testuaren egilea; Elena Olivieri da zuzendaria, eta Josu Aguinagak sortu du soinu-banda. Oholtza gainean, hiru aktore egongo dira: Patricia Urrutia bera, Jon Zumelaga eta Juanma Rodriguez.

Obra domeka honetan estreinatuko dute Sondikan. Bigarren saioa Eibarren izango da, urriaren 24an, Coliseo Antzokian (Eibarko zozketan parte hartzeko egin klik hemen). Azaroan bueltatuko dira eta Ermua Antzokian aurkeztuko dute (Ermuko zozketan parte hartzeko egin klik hemen). Bi saioak zapatuan dira, 17:00etan hasiko dira eta ordubeteko iraupena izango dute.

Sarrerak zuzenean erosi nahi dituztenek, Kutxabanken webgunean eskuratu ditzakete Eibarko zein Ermuko sarrerak.