Azaroaren 14an, zapatua, San Martin Eguna ospatuko da Ermuan. Goizeko azokaren ostean, ohiko-herri bazkaria egingo da Merkatu Plazan, 15:30ean.
Txartelak urriaren 20an –martitzena– jarriko dira salgai, 23 euroan. Euskal Birusaren egoitzan eskuratu ahal izango dira (Erdikokale 2, 1. pisua), 09:00etatik 12:00etara goizez, eta 16:30etik 18:30era, arratsaldez. Gogorarazi dute eskudirutan zein txartelarekin ordaintzeko aukera egongo dela. Guztira, 230 txartel egongo dira salgai, eta pertsona bakoitzak 20 hartu ahal izango ditu, gehienez.
Txartela erosten dutenek baba-jan tradizionalaz –postre eta kafearekin– eta musika emanaldi ederraz gozatu ahal izango dute. Ermuan Kantuanen saioa izango da, baina berezia: Txerokiak taldeak girotuko du, eta mahaikideek kantatzeko eta dantzatzeko aukera izango dute.
Euskal Birusak jakinarazi du oraindik Ermuan Kantuanen liburuak geratzen direla, eta bihar, bazkarirako txartela erosterako orduan, eskuratu ahal izango direla, 6 euroan.
