San Martin azoka

Ermuko Bertso Jaialdirako sarrerak salgai

Ander Gomez

Azoka eguneko baba-janerako 230 txartelak agortu berritan, San Martin Batzordeko komunikazio taldeko kideek bertso jaialdiko antzokiko eserlekuak betetzeko kanpaina hasi dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta bi sarrera bikoitz utzi dituzte BARRENAren esku irakurle guztien artean zozkatzeko.

Urriaren 30ean, barikua, Euskal Birusa Elkarteak antolatutako San Martineko agenda kulturalaren bueltako bertso saioa egingo da Ermua Antzokian, 20:30ean hasita. Aurten, Maialen Lujanbio eta Irune Basagoiti ermuarra izango dira berriz ere taulagainean, eta gainontzeko parte-hartzaileak izango dira: Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Araitz Katarain, Mallabia ordezkatuz. Gai-jartzaile lanetan Maite Berriozabal berriztarra arituko da aurtengoan ere.

Saiorako sarrerak salgai daude jada, 10 euroan, eta Lobiano Kulturgunean (astelehenetik barikura, 09:00etatik 21:00etara) edo Kutxabanken (kutxazainetan zein webgunean) eskuratu daitezke. Sarrerak online erosteko egin klik hemen.

Zozketa

Bertso Jaialdirako bi sarrera bikoitz zozkatuko dira Barrena.eus atarian. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete hemen: San Martin Bertso Jaialdia (ZOZKETA). Urriaren 28an (eguaztena) bukatuko da izena emateko epea eta irabazlea lotura horretan bertan jakinaraziko da, eguerdi aldera.