Mutu dago 1729 eta 1733 urteen artean, Andres Orbe Larreategi, Orbe Kardinalaren aginduz Joseph Echebarria fraide frantziskotar eta organogile eibartarrak egindako organo ikusgarria. Mutu, ze ez dira bere estainuzko tutuak inongo doinuren erresonantzia-bide, aspaldi da ez dabilela musikarik beraien barrunbe luzakin hutsetatik. Gaztaina egurrean landutako fatxada barrokoa ia bere horretan mantentzen den arren, dotore askoan, soinua sortzeko beharrezko dituen teklatu, erregistro eta mekanismo guztiak faltan ditu. Aintzinakoa ordezkatuz Hammond etxeko organo elektromagnetiko bat eta baita harmonio bat daude, biak zorionez martxan.
Zapatuan Xabier Aranak, Durangoko organo-joleak eskainitako hitzaldira herritar ugari gerturatu zen, ermuarrak gehiena, 20 pertsonak parte hartuz gaztelaniazko hitzaldian eta 26k euskarazkoan. Ekimena udalak eta Gerediaga Elkartearen artean antolatu zuten eta azken honen arduraduna den Goiatz Pelaez oso pozik azaldu zen izandako parte-hartzearekin eta somatutako interes eta harrera beroarekin.
Entzule gisa egondako Belen Sagarzazu organo-jole eibartarrak azken oparia egin zien entzuleei organoan zein harmonioan musika-pieza batzuk joz, entzunaldiari Arrateko Amaren ereserkiarekin akabera atsegina emanez.