Ermuko adinekoek Balerio terrazari zer-nolako erabilera eman erabakitzeko prozesuan parte hartu dute. Hilaren 13an, Pasialeku Jubilatuen Etxean egindako bigarren saio parte-hartzailean, lehen bileran jasotako proposamenak aztertu eta espazioaren ezaugarriak eta mugak landu zituzten.
Ekimenak 2025ean egindako aurrekontu parte-hartzaileen prozesuari eman dio jarraipena. 65 urtetik gorako herritarren artean babes handiena lortu zuen proposamena Balerioko terrazarako erabilera berriak zehaztea eta dagokion proiektua idaztea izan zen. Horretarako, 85.000 euro gorde ziren 2026ko udal aurrekontuan.
Lehen saioan, hainbat erabilera proposatu zituzten: ekitaldiak egiteko lokala, dantza-gela, gimnasioa, pintura-eskola, edo irakurketa, ordenagailuak eta mahai-jokoak uztartuko lituzkeen erabilera askotariko gela, besteak beste. Hala ere, oraingoz, espazioa gela bakar gisa erabiltzea da aukera bideragarriena. Hainbat gunetan banatzea ez da aurreikusten lehen fase horretan, eraikinaren beheko solairuarekiko konexioa, isolamendua eta pribatutasuna aztertu behar baitira, besteak beste.
180 metro koadro inguruko espazioak aukera emango luke gaur egun jubiletxetik kanpo, Lobianon edo kiroldegian, egin behar dituzten zenbait jarduera bertan antolatzeko. Horrenbestez, erabilera askotariko gela izatea edo ekitaldi jakin batzuetarako lokala izatea dira aztertzen ari diren aukeretako bi.
Terrazaren egokitze-lanak aurrera doaz
Obrak martxan daude, eta urtarrilerako amaituta egongo direla aurreikusten da; instalazio elektrikoa jartzea izango litzateke azken pausoa. Helburua da espazioa 2027. urte hasieran erabiltzeko moduan egotea. Kristalezko itxituraren eta isolamenduaren ezaugarriak direla eta, udaberrian eta udan erosoago erabiltzeko espazioa izango dela uste dute, nahiz eta barruan beroa mantentzeko sistema bat jartzea ere aztertzen ari diren.
Espazioa erabiltzen hasi ondoren, adinekoek aukera izango dute benetako beharretatik abiatuta erabilerak zehazteko. Horrela, 2027ko aurrekontu parte-hartzaileetarako proposamenak egiteko garaian, terrazaren erabileraren inguruko esperientzia praktikoa izango dute.
Jubilatuen Etxeko erabiltzaileen proposamenak
Toñi Oliva
"Askotan, jubiletxetik kanpora joan behar izaten dugu jarduera batzuk egiteko, eta terraza berriarekin hori amaitzea espero dut"
Lucia Fernandez
"Gunea dantzaleku gisa erabiltzea gustatuko litzaidake, edo gaur jubiletxean apur bat mugatuta ditugun ekintzak egiteko espazio gisa".
Mercedes Mayor
"Erabilera askotariko gela gisa erabiltzeko espazio aproposa izan daiteke; denborarekin ikusten joango gara zenbat aprobetxatu daitekeen".



