Liburutegiak Maria Moliner saria jaso du, adin guztietan irakurzaletasuna sustatzearren

Ander Gomez

Eskolekin batera, ikasle gaztetxoenei egindako bisita gidatu batean. ESKOLABARRI

Ermuko Udal Liburutegiak 2.777,77 euroko diru-saria jasoko du, liburuak, egunkariak eta aldizkariak erosi eta bere bilduma handitzeko.

Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen 2026ko Maria Moliner saria jaso du Ermuko Udal Liburutegiak. Adin guztietako herritarren artean irakurzaletasuna sustatzen duten liburutegiak saritzen ditu, eta, bereziki, irakurketara gerturatzeko zailtasun handiagoak dituzten herritarrengan arreta jartzen dutenak.

Estatu osoko ehunka liburutegik aurkeztu dituzte beren hautagaitzak, eta hamarrek 10.000 euroko sari nagusia jasoko dute. Ermuko liburutegiak Liburutegia lagun duzunean ez zaude bakarrik izeneko hautagaitza aurkeztu du, eta bigarren saria eman diote: 2.777,77 euro. Diru hori bilduma handitzeko soilik baliatu ahal izango du.

Teresa Murga eraikina berritu zenetik, liburutegia ikasteko, elkartzeko eta jolasteko gune dute herritarrek; baina, hain zuzen, irakurzaletasuna sustatzeko antolatzen dituen ekintza guztiak –irakurketa-saioak, ipuin-kontaketak, irakurketa-klubak...– dira haren indargunea eta saria jaso izanaren arrazoia.

100 lagunetik gora batu dira helduen eta gazteen klubetara

Helduentzako irakurketa-klubetan 93 lagunek eman dute izena: frantsesezko, gaztelaniazko eta adimen emozionaleko taldeetan plaza guztiak bete dira, hogeina parte-hartzailerekin. Komikien klubera hemezortzi lagun batu dira. Euskarazko eta ingelesezko klubetan beherakada sumatu dute, zazpi eta zortzi kideko taldeak osatuta, eta herritarrak animatu dituzte batzera.

Gazteei dagokienez, Gaztetxo letrazaleak klubean 2015etik 2017ra bitartean jaiotako umeentzako hamar plaza zeuden, eta guztiak bete dira. Komikizaleak kluba 2010etik 2014ra bitartekoei zuzenduta dago, hamabost plaza ditu, eta hamaika lagun zituen lerro hauek idazterako orduan.

Aste honetan, familientzako klubei ekingo diete: Family reading time, Entre libros, Liburuak familian eta Liburuez gozatu. Haien bidez, umeak txiki-txikitatik irakurketaren munduan murgildu ahal izango dira, gurasoen edo tutoreen laguntzarekin.