Maria Txindurriren irudia jarri dute bere izenez ezagutzen den plazan

Estibalitz González

Maria Txindurriren plaka. ANDER GOMEZ

Ermuko Erdikokaletik Goienkale-Santa Ana aldera zein frontoi hegalera joateko pasabidean, Maria Txindurri plaza modura ezagutzen den espazio horretan, honen irudia duen kartel bat jarri dute estankoaren gaineko etxe-horman.

Erdikokalen, elkargune eta lagunarterako espazio ludikoan bihurtutako eskailera, arranpa eta lau-gunetxo bat dituen plaza moduko horri, bizpahiru urte izango dira gazte kuadrillen artean Maria Txindurri modura izendatzen hasi zela. Izen bat jartzearen premia udalak gune guzti hori berriztatu zuenean ikusi zen, estankoaren eraikin zaharra bota eta frontis ondoko plaza nagusirako pasabidea zabaldu zuenean. Emakume izena jartzeaz hitz egin zen foro batzuetan; Juanita Ibaibarriaga eta Erraketistak modukoak azaldu ziren. Udalari idatzizko proposamen zehatza egiteko asmoak, horretan geratu ziren, ezerezean,  asmo hutsean. Handik gutxira, modu  naturalean, Maria Txindurrirena entzuten hasi zen.

Baina hari honetatik tiraka jakin dugu Mariaren izena jartzearena Txindurri Txistu eta Dantza taldeko partaide den Josu Gomezen burutazioa izan zela. “Ermuak ez zekan, dantza taldeaz aparte, bere omenezko ezer eta, bertakoak izanda, zergatik ez Maria Txindurri plaza? Dantza taldeko dantzari bezala eta ikusita azken urteetako jarduna (urteurrena, San Juan ekitaldiaren eztanda, dantzerkien ekitaldia, maskaradak…), zergatik ez gure izena daraman ermuarraren omenezko plazatxoa?” dio.

Broma bezala hasitakoa, jendeari gustatu eta zabaltzen hasi zen. “Bururatu zitzaigun ere inaugurazio moduko bat egitea Maria Txindurri plazarako? Nork daki…” aurreratzen du ere Josuk.

Ahozkotasunaren erreferente eta Ermuko kronista

Maria Bengoetxea Isasi-Isasmendi, Maria Txindurri gaitzizenez, 1906an jaio zen Izelaieta kaleko Txindurrineko etxean; gaur, Domunsantu egun honetan, 120 urte beteko zituen. Kontulari eta kantari aparta zuen Luzia ama, gaztetan inude ibilitakoa; bertsolaria zen aita, Gillermo, bapatekoan zein idatzizkoan trebatutako armagina. Gurasoen zaletasunok heredatu zituen Mariak eta ahozkotasunaren erreferente bihurtu zen, haien eta bere sasoiko bizimoduaren transmisore, Ermuko nolabaiteko kronista. Jario handiko komunikatzaile bikaina, irratian, telebistan eta bertako prentsan sarritan jaso zituzten haren bizipen eta testigantzak. Euskal Telebistaren eskutik, esaterako, XX. mendeko historia jasotzeko eginiko saio baten, ermuarra izan zen Bizkaiko ordezkaria.

Herri-kanten ezagutza eta haien transmisioa izan da bere legatuaren altxorretako bat eta, zalantza barik, inauterietako Hartzaren gaineko koplak, 1934 aita Gillermok sortutako lau ahapaldidun abestia, belaunaldi berrien artean bien izena betiereko bihurtu duena. Esan bezala, herriko euskal dantza taldeak ere haien omenezko izena darama.

Maria Txindurri 2006an, 100 urte bete aurretxoan hil zen, entzute hutsetik ezagutzen duten asko ume zirela oraindik. Patxi plazak eta Balerioneko terrazek, Patxi Zuazuak eta Balerio Gandiagak bertan zituzten taberna eta jatetxearen izenak betikotu dituzten modura, erabileraren erabiliaz lortuko ote dugu Maria Txindurriren izena bere plazaren bitartez iraunaraztea? Momentuz, etxe-hormatik irribarretsu begiratzen digu, pozarren, ume eta gazteen bilgune bihurtu delako bere gomuta dakarkigun eliza osteko eremu hori.

https://barrena.tok-md.com/argazkiak/ydX/IMG_43031.JPGEstankoaren gaineko etxe-horman jarri dute irudia. ANDER GOMEZ