Nola hasi zineten motorren munduan?
Adei Fernandez: Umetatik izan dut motorrekiko zaletasuna. Ziklomotorra nuen gaztetan, eta, pixkanaka, zaletasun hori garatzen joan naiz.
Andoni Isusi: Niri ere umetatik datorkit zaletasuna; lehengusuekin aritzen nintzen asko amaren herrian motorrean gazteagoa nintzenean.
Nola eman zenuten zaletasunetik lehiaketara jauzia?
A.F.: Zirkuitura joaten nintzen motorrean ibiltzera, eta bertan zegoen jendeak txapelketa honi buruz hitz egin zidan. Hasieran, ez ninduen askorik erakartzen, baina informazioa bilatzen hasi nintzen eta probatzea erabaki nuen.
A.I.: Nire kasuan, duela pare bat urte berriz hasi nintzen motorrean ibiltzen, eta sareetan agertzen zitzaizkidan horrelako txapelketak. Hasieran, lasterketa bakarra egitea nuen buruan, baina, azkenean, txapelketan sartzea erabaki nuen.
Biak Ermukoak izanda, aurretik ezagutzen zenuten elkar? Nolakoa izan da esperientzia partekatzea?
A.I.: Bistaz ezagutzen genuen elkar, herrian eta futbolean elkar ikusi izan dugulako. Baina kuadrilla ezberdinetakoak gara, eta ez genekien biok txapelketan parte hartuko genuenik. Lehen lasterketan egin genuen topo, sorpresaz, eta oso lagungarria izan da elkarrekin egotea, batez ere bakarrik joaten zarenean: sentipenak partekatzeko eta gauzetan laguntzeko norbait izatea eskertu egiten da. Lasaiago zaude.
Nolakoa izan zen lehen lasterketa?
A.F.: Irteeran etengabe pentsatzen nuen ea nik zer egiten nuen han; urteak lehiatzen daramatzaten pilotuekin batera egoteak urduri jartzen ninduen, oso. Egia esan, oraindik ere urduri jartzen naiz lasterketa guztietan. Irteeraren aurreko azken hamar minutuak dira gogorrenak, baina lehen itzulia egin ondoren urduritasuna desagertu egiten da.
Nola baloratuko zenukete denboraldia?
A.F.: Nire kategorian lehen postua lortu dut, eta esperientzia izugarria izan da; emaitzaz haratago ere, horrelako aukera bat eduki izana ahaztezina izango da guztiz.
A.I.: Ni neu lehenengo edo bigarren geratzeko lehian nenbilen, baina Jerezen erori eta motorra apurtu nuen. Hurrengo asteburuan Albaceten jokatu zen azken lasterketan ezin izan nuen parte hartu, eta hirugarren amaitu dut. Lehiakorra naiz, baina izena eman nuenean motorraz eta lasterketez gozatu nahi nuen, eta oso esperientzia aberasgarria izan da.
Zerk harritu zaituzte gehien lehiaketan?
A.F.: Lehenengo aldiz zirkuitura iritsi nintzenean, kamioiak, talde handiak eta material pila zituzten pilotuekin egin nuen topo. Ni furgonetarekin eta kartoizko kaxekin joaten nintzen. Hasieran giroa gogorra izango zela pentsatzen nuen, baina oso giro osasuntsua dago, eta beste pilotuengandik asko ikasten da.
Zenbateko kostua dauka denboraldi bat egiteak? Babeslerik bilatu duzue?
A.I.: Gure kasuan, gastuak geuk ordaintzen ditugu, eta oso kirol garestia da. Urteko lizentziak 600 euro inguru balio du, eta txapelketa osoan parte hartzeak, beste 600 euro. Hala ere, babesleei dagokienez, nahiago dut nire kabuz ibili, motorraz gozatu eta markekiko konpromisorik ez hartu.
Eta datorren urterako zein da zuen asmoa?
A.F.: Kontuak egin behar ditut lehenengo. Motor-lasterketak asko gustatzen zaizkit, baina ekonomikoki jasangaitza izan daiteke; agian, lasterketa bat edo bi egitearekin nahikoa izango da.
A.I.: Nik lasterketa solteren bat egin nahi dut; hori, gutxienez. Gainerakoak, gastuak eta aukera merkeagoak aztertu behar ditugu. Lehen urtea izan da, eta esperientziarik ezak ere garestitu egiten dizkigu gauzak.

Andoni Isusi eta Adei Fernandez lasterketetan. RFME