Berrogeita hamarna lagunetik gora batu dira Mugarriz Mugarriren ibilbide bietara

Ander Gomez

Gaur zortzi, Artarrai Mendi Taldeak urtean zehar antolatzen dituen ibilbideen artean herritarrek gehien espero duten irteeretako bat egin zen: Mugarriz Mugarri. Iaz bezala, ibilbide nagusiarekin batera, ume eta familiei zuzendutako aukera laburragoa antolatu zuten. Argazkiak: ARTARRAI

11998an egin zuten lehen aldiz Mugarriz Mugarri, Ermuak Eibar, Zaldibar eta Mallabiarekin dituen lurralde-mugak zeharkatuz herriari buelta ematen dion mendi-irteera. Iaz, Artarrai Mendi Taldearen 50. urteurreneko ospakizunen baitan, umeei zuzendutako ibilbide berezia egin zuten aurrenekoz. Arrakasta ikusita, ibilbide alternatibo ofizial bihurtzea erabaki dute aurten.

Hala, ume, guraso eta aitita-amama artean, berrogeita hamar herritarretik gora batu ziren zapatuan. 09:00etan abiatu ziren, Patxi plazatik, eta hiru orduko ibilbidean Urtiako industrialdetik, Mallamenditik eta Ongaraitik igaro ziren, Errekaldera ailegatu ziren arte. Hantxe, Artarraik prestatutako hamaiketakoa zuten zain, baita ibilbide nagusian parte hartu zuten mendizaleak ere, elkarrekin mokadutxoa hartzeko.

Azken horiek ordubete lehenago abiatu ziren plazatik, eta sei orduko txangoa egin zuten. Hasieran, Eitzagara jo eta Uretamendi zeharkatu zuten; eta Errekaldeko geldiunean, indarrak berritu eta Urkora igo ziren; azkenik, Elorreta Bidetik herrigunera bueltatu ziren.

Partaide guztiak batuta, 110 lagun inguru elkartu ziren Mugarriz Mugarri irteeran.