Zabalik dago Inauterietako kartel lehiaketan parte hartzeko epea

Garazi Mendieta

Iazko Aratusteetako kartela. EDURNE CACHO

2027ko Inauterietako kartela aukeratzeko lehiaketa martxan jarri dute. Parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 11ko gauerdia baino lehen aurkeztu ahal izango dituzte lanak, Mundoarti plataformaren bidez.

Parte-hartzea librea da, eta lehiakide bakoitzak gehienez hiru lan original aurkeztu ahal izango ditu, betiere beste kartel-lehiaketa batzuetan saritu gabeak badira. Proposamenek Inauterien ingurukoak izan beharko dute, edozein ikuspegitatik landuta ere, eta nahitaez Carnavales de Ermua 2027ko Inauteriak leloa jaso beharko dute. Lanak JPG formatuan aurkeztu beharko dira, gehienez 5 MB-ko tamainarekin.

Gainera, epaimahaiak baztertu egingo ditu mezu iraingarriak edo sinbologia matxista eta sexista duten lanak. Lehiaketak 600 euroko sari bakarra izango du, eta epaimahaiak urtarrilaren 19an hautatuko du irabazlea.

Iaz, 232 lan aurkeztu zituzten lehiaketara, eta Edurne Cacho Martínez zaragozarraren kartela aukeratu zuten irabazle. Proposamenak hartza eta oilarra irudikatzen zituen, Ermuko Inauterietako bi pertsonaia nagusiak.