Azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Ermuan osatuko diren 22 hauteskunde-mahaietako kideak aukeratzeko zozketa publikoa egin dute gaur, ezohiko osoko bilkuran. Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) aplikazio informatikoaren bidez egin da zozketa.
Hauteskunde-mahai bakoitzak presidente bat eta bi mahaikide izango ditu, eta guztira, 198 ermuar izendatu dituzte. Horiez gain, beste 14 ordezko ere izendatu dira kargu bakoitzerako. Udaletik adierazi dutenez, bihartik aurrera hasiko dira izendapenen jakinarazpenak egiten.
Alegazioak aurkezteko epea
Izendapena jasotzen dutenek zazpi egun natural izango dituzte –jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita– kargua betetzea eragozten dien arrazoi justifikatu eta dokumentatua aurkezteko. Alegazioak aurkezteko arrazoiak izan daitezke, besteak beste, 65 urtetik gorakoa izatea, haurdunaldiko seigarren hilabetea gaindituta izatea edo kargua betetzea eragozten duen gaixotasun edo ezintasunen bat izatea.
Ermuarrek telematikoki edo aurrez aurre aurkeztu ditzakete alegazioak, Durangaldeko Hauteskunde Batzordean (Ezkurdi plaza z/g), astelehenetik barikura, 15:30etik 19:00etara, eta zapatuan, 10:00etatik 13:00etara. Batzordeak bost eguneko epean hartuko du erabakia, eta ezingo da errekurtsorik aurkeztu.
Merkatu Plazako mahaiak, 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. A. GOMEZ
