Bizkaiko Foru Berriaren 500. urteurrena ospatzeko antolatutako Foru bizia ikuskizun ibiltaria Ermuan izango da zapatuan, azaroak 7. Hortzmuga Teatroa konpainiak sortutako antzerki-proposamenak herriko kaleak agertoki bihurtuko ditu, eta 19:30ean hasiko da, Orbe Kardinala plazan. Zubiaurre kalea zeharkatu ostean, emanaldiaren abiapuntu izango den plazan amaituko da ibilbidea. Ordubete eta erdi inguru iraungo du ikuskizunak, eta doakoa izango da.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek elkarlanean antolatu dute ekimena, 1526an onartutako Foru Berriaren garrantzi historikoa herritarrei gerturatzeko helburuarekin. Bost mende geroago, memoria historiko hori kalera ateratzea proposatzen du Foru bizia ikuskizunak.
Kalea, agertoki bihurtuta
Iragana eta oraina uztartzen dituen jai-giroko emanaldiak antzerkia, euskal dantzak, abesbatzak, zuzeneko musika eta egitura mugikorrak konbinatzen ditu. Hainbat diziplina artistiko uztartuz, Bizkaiko historia eta nortasuna modu dinamikoan eta gertukoan ezagutzeko aukera eskainiko du ikuskizunak.
Hortzmuga Teatroaren proposamena ohiko antzerki-emanaldi bat baino haratago doa: ikusleek ez dute leku berean geratu beharko ikuskizuna ikusteko, antzezleei kalean lagundu eta ospakizunaren parte aktibo izateko aukera izango baitute. Horrela, herriko espazio publikoak eszenatoki bihurtuko dira, eta historia modu kolektibo eta parte-hartzailean kontatzeko aukera eskainiko dute.
Herriko taldeen parte-hartzea
Zapatuko saioan herriko kultur talde batek ere hartuko du parte Hortzmuga Teatroarekin batera: Pispillu Abesbatza Taldeak. Herriko abesbatzaren ekarpen horri esker, ikuskizunak tokiko kultur eragileen parte-hartzea ere sustatuko du, eta talde profesionalaren lana herriko elkarteen jardunarekin uztartuko du.
Ermukoa Bizkaiko lau udalerritan egingo den ibilbidearen hirugarren geldialdia izango da. Foru bizia egitasmoa urriaren 24an hasi zen, Getxon, eta urriaren 30ean Santurtzin izan zuen bigarren emanaldia. Azken saioa azaroaren 14an egingo dute, Arrigorriagan. Horrela, Bizkaiko hainbat txokotara eramango dute urteurreneko ospakizuna.
