Ostiral honetako merkatuak ohiko kokalekua aldatuko du bihar, azaroaren 6an. San Pelaio plazan jarri beharrean, Baldespina Markesa kalean egingo dute azoka, udaletxearen aurrean. Ermuko Udalak jakinarazi duenez, lekualdaketa El hijo de todos filmaren grabaketa-lanen ondorioz egin dute. Datorren astean, ordea, merkatua ohiko lekura itzuliko da.
Aparkalekuei dagokienez, BM supermerkatuaren aparkalekua herritarren eskura egongo da, bihar. Horrela, herritarrek aparkatzeko beste aukera bat izango dute grabaketek eragindako eremutik gertu.
Álvaro Brechner zuzendariaren filmaren lantaldea bihar arituko da lanean San Pelaio inguruan, eta hauxe izango du herriko kaleetan grabatzeko azken eguna. Azaroaren 25 eta 26an itzuliko dira, Udaletxe barruan herriko azken irudiak filmatzera.
'Blanco' filmaren grabaketa ere gaur
Bestalde, gaurko eguna izango da Félix Viscarret zuzendariaren Blanco filmaren lantaldeak Ermuan grabatzeko aukeratutako egun bakarra. Goizeko 06:00etan hasi dituzte lanak, eta arratsaldeko 19:00ak arte luzatzea aurreikusten dute. Grabaketak Elorreta bidean eta hilerriaren inguruan egin dituzte.
Viscarreten filmak 1997ko uztailean Miguel Ángel Blanco bahitu zutenetik igarotako 48 orduak kontatuko ditu, gertakariaren berri eman zuten kazetarien ikuspegitik. Mikel Bustamante aktoreak beteko du zinegotziaren rola, eta Eneko Sagardoy, Jon Ander Urresti, Natalia Huarte, Carlos Scholz eta Lander Otaola ere aktore-taldeko kide dira.
Nadie es Perfecto eta Euskadi Movie ekoiztetxeen lana da, eta RTVEren zein Netflixen parte-hartzea du. Filmaketa urriaren 26an hasi zuten Mañarian, eta Ermukoa ekoizpenak aurreikusitako grabaketa-egun bakarra izango du. Blanco 2027ko uztailaren 9an estreinatuko dute zinema-aretoetan, gertakarien 30. urteurrenaren harira.
