Ermuko bizilagunak, La Forjako mendi-hegalaren egoerarekin kezkatuta

Garazi Mendieta

La Forjako mendi-hegala. G.MENDIETA

Arratoien presentzia salatu, eta mendi-hegalaren mantentze-lanak bermatzeko eskatu diote La Forja auzoko bizilagunek Ermuko Udalari.

Urriaren 27ko osoko bilkurako herritarren parte-hartzeen tartean, Bizkaia etorbideko lau etxebizitza-bloketako ordezkariek euren etxebizitzen atzealdeko mendi-hegalaren egoeraren inguruko kezka azaldu zuten. Guztira, 120 etxebizitza ingururi eragiten die egoerak, eta, bizilagunen arabera, ia 30 urte daramatzate lursailek abandonatuta, mantentze-lanik egin gabe. Denbora horretan ingurua garbitzeko eta behar bezala zaintzeko lanik ez dela egin salatu zuten.

Arratoien eta intsektuen presentzia, kontrolik gabe hazitako landaredia eta zuhaitzak etxebizitzen gainera erortzeko arriskua aipatu zituzten, besteak beste. Bizilagunek salatu zuten, halaber, arratoiak egun argiz ibiltzen direla parkean eta plazan, eta, egoera horren harira, karraskariak hiltzeko beita-kutxak agertzen hasi direla. Haien esanetan, arazoak ez die etxebizitzen inguruko bizilagunei soilik eragiten, inguruko espazio publikoak ere baldintzatzen baititu.

Lursailen jabetza argitzeko eskaera

Bizilagunen bozeramaile Julia Patok azaldu zuenez, mendi-hegala osatzen duten partzelak ez dira bizilagunen jabetzakoak. Horregatik, lursailen titularra nor den argitzeko eta mantentze-lanen ardura zehazteko eskatu zuten. Bizilagunek ez dute euren gain hartu nahi, euren esanetan, jabetzan ez dituzten lurretan egin beharreko lanen ardura eta kostua. Izan ere, haien ustez, lursailen jabetza argitzea ezinbestekoa da egoerari irtenbidea eman eta beharrezko mantentze-lanak egin daitezen.

Eskaerari erantzunez, Rosa Maria Cid Hirigintza zinegotziak jakinarazi zuen udal teknikariak dokumentazioa aztertzen ari direla lursailen titulartasuna argitzeko. Azaldu zuenez, jabetzari buruzko informazioa biltzea da lehen urratsa, ondoren zer egin daitekeen zehazteko. Informazio hori bildu ondoren bizilagunen ordezkariekin bilera egiteko konpromisoa hartu zuen, egoeraren berri eman eta konponbide posibleak aztertu ahal izateko.