Libe Solozabal eta Mariaje Izarra: “Arantza Cazalisek modu xumean kontatzen du hain konplexua den istorioa”

Ander Gomez

Libe Solozabal eta Mariaje Izarra, Donostian, elkar ezagutu berritan. Argazkia: L.S.

Hamahiru urtean zehar neska ermuar batek gerrako errefuxiatu bezala bizi izandakoak jasotzen dituen liburua itzuli dute, euskarara eta gaztelaniara. Datorren eguenean aurkeztuko dute Ermuko Lobiano Kulturgunean, 19:00etan.

Arantza Cazalis Izarra 1929. urtean jaio zen, Ermuko Izelaieta kaleko laugarren zenbakian. 7 urte zituela, Espainiako gerra hasi zen, eta, gutxira, trena hartu eta ihes egin behar izan zuen herritik. Nerabezaroa herrialde batetik bestera igaro zuen –bidean familia galdu zuen–, harik eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi izaten geratu zen arte. 2011n, errefuxiatu bezala izan zituen bizipenak jasotzen dituen Growing up in a time of war liburua argitaratu zuen. Iaz zendu zen, Seattlen, AEBetako Washingtongo estatuan.

Orain, liburua euskarara eta gaztelaniara itzuli dute, eta azaroaren 12an aurkeztuko dituzte bi bertsioak: Gerra-denporan hazten eta Creciendo en tiempo de guerra. Solasaldia 19:00etan izango da, Lobianon, San Martin Egunaren kultur agendaren baitan. Bertan izango dira egileak: Libe Solozabal Askasibar (Ermua, 1997) eta María Jesús Izarra Pérez (Ermua, 1950), Cazalisen senide dena. Liburua itzultzeko prozesuan, orain arte izan duten harreman guztia posta elektroniko eta telefono mugikor bidez izan da. Joan den astean ezagutu dute elkar aurrenekoz, Donostiako Botanika kafetegian.

Noiz izan zenuten lehen aldiz esku artean Growing up in a time of war liburua? 

Mariaje Izarra: Familia izan arren [aitaren lehengusina zen], ez nuen Arantza ezagutu. Liburua argitaratzean Ermura etorri zen, eta Jesu lehengusuari ale batzuk laga zizkion. Ni Bartzelonan bizi nintzen garai hartan, bisitan etorri zen behin, eta liburu horietako bat oparitu zidan. Ez nekien berba bakar bat ere ingelesez, baina itzultzaile automatiko baten laguntzarekin pixkanaka deszifratu nuen Arantzaren istorioa.

Libe Solozabal: Joseba Sarrionandia buru duen Durangaldeko proiektu batean parte hartzen dihardut. Artxibo- eta ikerketa-lan bat egitea proposatu zigun, euskaraz idatzita geneuzkan gauzen inguruan. Ermuarrek idatzitakoak biltzen hasi nintzen: Drogetenitturri aldizkariko testuak, liburuak eta bestelako argitalpenak. Liburutegira joan nintzen galdezka, eta, halako batean, esan zidaten: "Itxaron momentu bat, idazle bat daukagu… Ermuko emakume bat, baina liburua ingelesez idatzi zuena". Ekarri zidatenean, ezin nuen sinetsi esku artean nuena.

Zeinek abiatu zuen proiektua?

M.I.: Libe da honen guztiaren erruduna, guztia mugitu duena.

"Ez genuen aurrez aurre ezagutzerik izan, baina ezagutu dugu, liburu honen orrialdeetan barrena"

L.S.: Kontua da inguruan erakutsi nuela eta inork ez zuela ezagutzen. Polita iruditu zitzaidan haren haurtzaroa Ermuan, familia, herria… eta gerratik nola egin zuen ihes irakurtzea. Pentsatu nuen: "Ermuarrek istorio hau ezagutu behar dute". Amayari [Arantzaren alaba] proposatu nion, obraren eskubideak harenak dira eta. Oniritzia emateaz gain, prozesuaren parte izan da. Jakin-min handia du, eta une oro egon da laguntzeko prest.

Cazalis 2025eko apirilean zendu zen; proiektua aurrekoa edo ostekoa da?

L.S.: Ostekoa, tamalez. Liburua topatu nuenean bizirik zegoen, baina, kontaktua lortzera joan orduko, zendu egin zela jakinarazi ziguten.

M.I.: Bueno, ez genuen aurrez aurre ezagutzerik izan, baina ezagutu dugu, liburu honen orrialdeetan barrena.

Liburu bakarra du, haren memoria horiek. Zergatik idatzi zituen?

M.I.: Haren istorioa kontatzeko zuen blokeoarengatik. Osaba Markina [Gregorio Cazalis, Arantzaren aita] gerra ostean, preso egon ondoren, Ermura bueltatu zen bakarra izan zen, eta antzerako jarrera zuen. Isiltasuna biktima askok daramaten jantzia da. Aitak galdetzen zion ea zergatik ez zituen seme-alabak bilatzen eta bueltan ekartzen, baina hark beti zioen: "Ez ditut diktadura batera ekarriko". Arantzaren kasuan, seme-alabek askotan galdetu izan zioten haren bizitzari buruz, baina ezer gutxi kontatu edo gaiaz aldatzeko joera zuen. Behin, semeetako batek esan zion: "Agian, idatziz gero, errazago egingo zaizu". Eta halaxe egin zuen.


Amaya Souarez, Arantza Cazalisen alaba, itzulitako liburuekin. A.S.

Bizitzako zein etapa hartzen du?

M.I.: Errefuxiatu bezala pasatako hamahiru urteko ibilbidea jasotzen du, Arantzak eta bere anaiek Ameriketako Estatu Batuetara ailegatzeko egindako bidea, Frantziatik, Dominikar Errepublikatik eta Mexikotik igarota. Liburua 18 urte dituenean bukatzen da. Senide batek etxean hartzen du, ikasteko aukera ematen dio eta bertan geratzen da. Hor bukatzen da odisea eta hor hasten da haren bizitza.

Odisea hartako zein pasarte iruditu zaizue gogorrena?

M.I.: 9 urtetik ia 15 urte bete arte bizi izan zituen galerak. Ihesean, ama galdu zuen bonbardaketa batean, eta Karrantzako kobazuloetan babestu ziren. Gero, Errepublikaren kontrolpean zegoen Kataluniako kolonia batzuetan egon ziren, eta anaietako bat hil zitzaion, tifusak jota. Horrez gain, neskak eta mutilak banandu egin zituzten gero, eta bakarrik geratu zen munduan, 10 urterekin.

L.S.: Liburua Ermuko lekuak eta eskola deskribatuz hasten da, eta, bat-batean, trena hartzen dute. Gerrak giro osoa zakartzen du, eta hark, ume baten ikuspegitik, nola bizi izan zuen kontatzen du. Oraintsu, La bola negra filma ikusi dut, eta asko konektatu dut horrekin. Baina, nire kasuan ere, amaren heriotzak markatu nau gehien.

M.I.: Deigarriena da zein soil kontatzen dituen horrelako bizipenak. Sentimenduak erabat gordeta daude, baita oroitzapenak ere.

L.S.: Alde positiboa da edonorentzako ulergarri bihurtzen duela. Arantzak modu xumean kontatzen du hain konplexua den istorioa.

Bizipen politak ere izango zituen bidean.

L.S.: Asko gustatu zait Arantzaren haurtzaroa, familia, lagunak eta lekuak ezagutzea. Musika eskolaren aurrean bizi zen, Izelaietan. Herria txikia zela kontatzen du, errekan arrantzan egiten zutela, perretxikotan joaten zirela, nola joaten zen eskolara, nolakoa zen plaza… Liburuak duela ehun urteko Ermua ezagutzeko aukera eman dit.


Estibalitz González, Amaya Souarez eta Libe Solozabal, Izelaieta kalean, Arantza Cazalisen jaiotetxe parean. E.S.

M.I.: Nik ezagutu nuen Ermua hura, 60ko hamarkadatik aurrera desagertzen joan zena. Dominikar Errepublikan egon zeneko pasartea gustatu zait niri. Aurretik, emozioak erreprimitutako nerabezaro bat islatzen da, baina bertan harremanak eraikitzea lortu zuen, eta liburuan lehen aldiz etorkizunari begirako itxaropen-izpi bat antzematen da. 

Hemen geratu izan balitz erabiliko zituen hizkuntzetan idatzi duzue. Baina paradoxikoa da, aldi berean, bizipen horiek gabe ez bailitzateke libururik existituko.

M.I.: Gaztelera geratzen zitzaion, batik bat, baina ingelesa zen haren hizkuntza. Euskara izan zen haren ama-hizkuntza, eskolara joan arte ez zuen gaztelera ikasi, baina gerraren ostean ahaztu egin zuen. 

L.S.: Itzulpen horien helburua izan da, alde batetik, jatorrira itzultzea, Arantzak hemen biziz gero idatziko zukeen bezala kontatzea; eta, bestetik, istorio hori Ermuan darabilgun hizkuntzetan irakurtzeko aukera ematea herritarrei. Euskararen kasuan, bertako euskalkian idazteko hautua egin dut nik. Bere garaian euskara batua ez zen existitzen oraindik, eta esperimentu polita iruditu zitzaidan.

Liburu bat itzuli duzuen lehen aldia izan da?

L.S.: Ni euskaltegian nabil irakasle, Kaltxangon; baina aurretik, gazteleratik euskararako itzultzaile egiten nuen lan. Hauxe da, ordea, liburu bat itzultzen dudan lehen aldia.

M.I.: Berdin. Nire esperientzia bakarra bizitza osoan hizkuntza eta literatura irakasle aritzea izan da.

Zelan egin diozue aurre erronkari?

M.I.: Esan bezala, nire kontu hasia nuen lana, eta itzulita nuen zirriborro hartatik ekin nion. 

L.S.: Nire kasuan, Ermuko euskara dut ama-hizkuntza, baina erronka handia izan da, hala ere. Fernando Aranberri Euskara teknikariak gure euskarak dituen berbak, berezitasunak, patroiak… jasotzen dituen liburua du, 1999an kaleratutako Ermuko euskerarako ortografia arauak. Eta Ahotsak programa ere erabili dut, nagusiek audioz emandako testigantzak entzuteko. Gainera, Estibalitz Gonzalez izan dut bidelagun. Nik ekoiztu dut lana, baina hark erakutsi dit nola.

Emaitzarekin pozik?

L.S.: Oso. Baina ez dakit nola erreakzionatuko duen jendeak. Drogetenitturri-n euskalkian idazten zenean, jende nagusiak eskertzen zuela ikusten nuen; gaur egun, desberdina izan daiteke. Deskubritzeko irrikan nago.

M.I.: Ni Liberen bertsioa irakurtzeko gogotsu nago. Baina, kasu honetan ere, tarteka itzultzaile automatikora jo beharko dut… kar-kar.

Eskuragarri dago jada?

L.S.: Bai; enkarguz. Astebete pasatxo behar du etxera ailegatzeko, inprimatu eta bidali egin behar delako. Ermuan, Maribel eta Xiripot dendetan erosi daitezke. Bestela ere, edozein liburu-dendatan eskatu daiteke, ISBN zenbakia emanda [Gerra-Denporan Hazten, 9798999480446; Creciendo en Tiempo de Guerra, 9798999480422]. 

"Istorio zaharra da, baina ez dago zaharkituta, egungo pertsona baten bizitza izan liteke"

M.I.: Posible badugu, azaroan Ermuan egingo dugun aurkezpenera ale batzuk eramaten saiatuko gara. 

Arantza Cazalis ez da bertan izango, baina haren parte handi bat bai, ezta? Ez memoriengatik, baizik eta konpainia izango duzuelako…

M.I.: Bai; alaba egongo da gurekin, Amaya.

L.S.: AEBetatik Bartzelonara eta Londresera etortzen da, noizbehinka, lanagatik. Kasualitatez, San Martinekin bat egiten du eta egitarau kulturalaren barruan sartu ahal izan dugu. Aurkezpenean hizpide izango ditu amari bere istorioa kontarazteko egindako ahaleginak, euskal kultura eta nortasuna familian, hizkuntzen galera eta berreskuratzea, Ermuarekiko lotura eta familiaren sakabanatzea erbestean.

Arantzak 2011ko azaroan aurkeztu zuen liburua, Ermuan. Zuek aurtengo azaroan aurkeztuko duzue; justu, hamabost urte geroago. Zergatik da garrantzitsua haren memoriak bizirik mantentzea?

L.S.: Hemen bizi garelako eta herriaren historia delako. Istorio zaharra da, baina ez dago zaharkituta, egungo pertsona baten bizitza izan liteke. Siriatik errefuxiatu etorritako ikasleak izan ditut, eta haien bizipenak ez dira oso desberdinak. Memoria demokratikoa eta historikoa behar ditugu gaur egun bizi dugun mundua ulertzeko.

M.I.: Oso garrantzitsua da iragana orainarekin konektatzea, dauzkagun arazoen ulermen-iturri da. Gerra zibil batek ertz eta albo-kalte ugari ditu. Batzuetan, zeinek zein hil zuen kontatzera mugatzen da, baina gauza asko galtzen dira bidean: ohiturak, musika… eta errealitate hori ez da uste bezain urruti geratzen. Bestalde, nire kasuak alde pertsonala ere badu. Aita oso kuriosoa zen eta, adibidez, beti izan zuen izeba Engraziaren [Arantzaren ama] gorpuzkiak topatzeko kezka, baina ez zuen lortu. Lan honekin pentsatzen dut: "Zein pozik egongo litzatekeen aitatxo nik hau guztiau egin izanagatik!".

Arantza Cazalis Izarra idazlea hil da Estatu Batuetan
Arantza Cazalis liburua aurkezten Ermuan, 2011n. UDALEKO ARTXIBOA

Erlazionatuak