Datorren asteko zapatuan ospatuko da San Martin Eguna Ermuan, 400 boluntario ingururen laguntzarekin. Lana, ordea, ez da egun bakarrera mugatzen: Euskal Birusak hilabeteak daramatza antolakuntza-lanetan, eta San Martin Batzordea osatzen duten berrogeita hamar lagunek urriaren 1etik dihardute zeregin horretan buru-belarri.
Aste honetan jarri dute martxan atzerako kontaketa, eta hainbat ekimen egiten ari dira herrian jai-giroa pizten hasteko. Besteak beste, egitarau osoa aurkeztu dute, "erromerian galduta ez ibiltzeko" Txindurri Dantza Taldearen ikastaroa eskaini dute eta taloak egiten ikasteko tailerra antolatu dute.

'Erromerian galduta ez ibiltzeko' dantza ikastaro monografikoko partaideak, eguen honetan. TXINDURRI
Boluntario gehiagoren bila
Lagun-talde polita batu zen herenegun Malengo Elkartean egindako talo-ikastaroan, baina askoz esku gehiago beharko dituzte datorren zapatuan. Herritarrak talo- eta saiheski-postuetan prestaketa- eta salmenta-lanak egitera animatu dituzte, baita Txikuriko barran egotera ere. Laguntzeko prest daudenek Euskal Birusa Elkartera jo dezakete.

Talo- eta saiheski-postuetan laguntzera animatu dituzte herritarrak. EUSKAL BIRUSA
Bestetik, elkartearen egoitzan San Martin Azokako errifak eskuratu ahal izango dituzte. Herritarrek euro baten truke eros ditzakete, eta saltzen lagundu nahi dutenek 50 zenbakiko sorta osoak ere har ditzakete. Datozen egunotan, kuadrillentzat prestatutako txartel-sortak ere banatuko dira, sare sozialen bidez.
Zozketa Azoka Egunean bertan egingo da, eta bi sari banatuko dira: lehen zenbaki sarituak 400 euro jasoko ditu, txerriaren balioa; bigarrenak, berriz, Nekatur-eko 200 euroko bonua, landetxe batean erabiltzeko.
Dendariak eta tabernariak herria janzten hasi dira
Herriko saltokiak ere hasi dira erakusleihoak, mostradoreak eta barrak San Martin Azokaren bueltan apaintzen. Euskal Birusak formatu handiko bere argazki-bildumaren banaketa hasiko du egunotan, dekorazio-lanetan laguntzeko. Pandemia garaian jarri zuten martxan ekimena, Udalaren laguntzarekin, hogei argazkirekin. Ordutik, urtero San Martin Eguneko argazki lehiaketa irabazi duten irudiak gehitu dizkiote bildumari, eta erakusleiho lehiaketan parte hartu ohi duten saltokiei banatzen dizkiete.

Brigadako langileak ere plazako pankartak jartzen hasi dira. GARAZI MENDIETA
Lehiaketan parte hartzeko ez da aurrez izenik eman behar; epaimahaia bera arduratuko da parte-hartzaileen zerrenda osatzeaz. Almu Maeso eta Nahia Albizuri Arte Ederretan lizentziatuek eta Estibalitz Gonzalez Euskal Birusaren ordezkariak osatuko dute epaimahaia. Baserri-giroarekin lotutako tresnak, jantziak eta bestelako elementuak erabiltzea proposatu dute apaingarriak osatzeko. Eguenean ibiliko dira saltokiz saltoki, erakusleihoen konposizioa, azokarekiko lotura, kolorea eta originaltasuna baloratzen. Iaz, Mayte urdaitegiak eta Alboka Musika Eskolak jaso zuten saria. Aurtengo irabazleak Barrena.eus atarian ezagutaraziko dituzte egunean bertan, eta Azoka Egunean jasoko dituzte garaikurrak.
Euskal Birusa Elkarteak eta San Martin Batzordeak gogorarazi dute horrela, "guztion lanarekin", eraikitzen dela San Martin, eta azken urteetan erabilitako leloa ekarri dute gogora: Ez da magia, herri-lana da.
11:00 Azokaren irekiera
- Elikagaien eta artisauen guneak.
- Talo- eta saiheski-postuak.
- Ikastetxeen postuak, Goiko parkean.
- Alboka Musika Eskolako trikitilarien eta Bizkaiko Gaiteroen kalejira, herrigunean.
- Artaldearen jaitsiera –14:00etan bueltatuko da–, herrigunean.
- Abereen erakusketa, Martxoaren 8a plazan.
- Idi-parea, Probalekun.
12:00 Ikuskizunak
- Txindurriren dantzak.
- Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien kalejira, San Pelayotik hasita.
- Herri-kirol erakustaldia, Komentukua kalean.
- Umeentzako jolasak, Kulkirekin, San Martin plazan.
- Ardi-moztea, Martxoaren 8a plazan.
13:30 Sari-banaketa nagusia.
- Fruta eta ortuariak, gazta, sagardoa, txakolina, ogia, euskal pastela, eta txilar eta mila loretako eztiak.
- Saltokirik txukunena.
- Erakusleiho lehiaketa.
15:30 Herri-bazkaria, Merkatu plazan.
- Baba-jana.
- Ermuan kantuan, Txerokiak taldearekin.
19:00 Txerokiak taldearen kalejira, plazaraino.
19:45 Sari-banaketa.
- Errifaren zozketa.
- Argazki-lehiaketa.
20:00 Larrain dantza herrikoia, plazan.
20:30 Erromeria, Gauargi taldearekin, plazan.
*Oharra: kokalekurik zehaztu ez bada, ekitaldia plazan izango da.