Ermuko Udalak auzo-taxi zerbitzua jarriko du martxan, mugitzeko zailtasunak dituzten herritarren eguneroko joan-etorriak errazteko. Zerbitzua izango da Ermuan erroldatuta dauden 80 urtetik gorakoentzat, mendekotasuna edo mugikortasun murriztua dutenentzat eta gaixondo-egoeran daudenentzat; azken horien kasuan, Gizarte Zerbitzuek hala baloratuz gero.
Onuradunek hilean hamar bidaia egin ahal izango dituzte, gehienez, udalerri barruan. Joan-etorri bakoitzak bi euroko kostua izango du erabiltzailearentzat. Zerbitzua egunero emango dute, 08:00etatik 20:00etara. Erabiltzaileek lagunduta bidaiatu ahal izango dute, aparteko kosturik gabe, eta ibilgailu egokituak ere izango dituzte eskura, beharrezkoa denerako.
Telefono bidezko erreserbak
Bidaiak telefonoz erreserbatu beharko dira; ahal dela, egun bat lehenago. Egun berean ere egin ahal izango dira eskaerak; gutxienez, hiru orduko aurrerapenarekin. Udalak aurreikusi du 2027ko lehen hiruhilekoaren amaieran jartzea martxan, beharrezko izapideak eta lizitazio-prozesua amaitutakoan.