Pintadak egin dituzte PSE-EEren Ermuko egoitzan

Ander Gomez

Etxebizitzaren aldeko greba egunaren bueltan egin dira pintadak, gauez. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren erakusleihoko irudiaren gainean "PSOE langileon etsai! 8 urte, 300.000 etxegabetze" idatzi dute; eta "PSOE" eta "Ermua" berben eta atearen gainean gurutzeak margotu dituzte. Debabarreneko Kontseilu Sozialistak zabaldu ditu irudiak, eta Ermuko alkateak gertatutakoa gaitzetsi du sareetan zabaldutako mezu baten bitartez (biak albiste barruan).

Bideoan, pintadak egin ziren unea:

 

Segidan, Beatriz Gamiz alkateak zabaldutako mezua, osorik:

"Gaur, etxebizitza eskuratzea bezalako arazo garrantzitsu bati buruz hitz egin beharko litzatekeen egunean, betikoek erabaki dute horren alde egiteko modurik onena egoitza sozialista bati eraso egitea eta hura bandalizatzea dela.

Betikoak, betikoa egiten: seinalatu, beldurra eragin eta eraso egin.

Eta bitxia da gaur egun etxebizitza eskubidearen defendatzaile sutsu gisa aurkezten direnek hain azalpen gutxi izatea euren konpromisoaz, pankartak alde batera utzi eta ekintzetara pasatzeko orduan. Ermuan ondo ezagutzen dugu errealitate hori: gaur egun etxebizitza faltaren aurka ahotsa altxatzen dutenek aurka bozkatu dute arazo horri erantzuteko proiektu eta ekimen zehatzen aurrean.

Alderdi Sozialistatik urteak daramatzagu lanean etxebizitza eskubide bat izan dadin, eta ez pribilegio bat. Etxebizitza legeak bultzatu eta onartu ditugu bai Euskadin, bai Espainian; etxebizitza babestua sustatu dugu, alokairu eskuragarrirako politikak zabaldu ditugu eta etxebizitza duina eskuratzea errazteko neurriak abian jarri ditugu, bereziki zailtasun handienak dituztenentzat.

Etxebizitzaren arazoak konponbideak, proiektuak eta lana behar ditu. Ez ditu pintadak, intimidazioa eta euren ideiak bortxa bidez inposatu nahi dituztenak behar.

Gure egoitza garbitu egingo da, pintadak desagertu egingo dira, baina gauza bat argi izan dezatela: ez gaituzte beldurtuko, eta ez gaituzte atzera eginaraziko.

Hormak garbitu egiten dira. Onartu ezin duguna da bizikidetza demokratikoa zikintzea".