Porrotik gabeko boladan daude Errotabarri eta Ermua CD

Ander Gomez

Iker Grande Casado da orain arteko goleatzaile nagusia. ERMUA CD

Ermuko kirol-talde nagusiak sasoi betean daude. Errotabarriko eskubaloilariek bost partida daramatzate jarraian galdu barik; Ermua CDko futbolariek, berriz, zazpi. Asteburu honetan, etxetik kanpo defendatu beharko dute bolada on hori, Kanarietan eta Bilbon.

Lauko Errotabarriko neskek estreinaldi bikaina egin dute Urrezko Ohorezko Mailan. Lehen jardunaldian bakarrik galdu zuten, gol bakarreko aldearekin. Ostean, lau neurketa irabazi zituzten jarraian, seigarren jardunaldian berdindu egin zuten, eta joan den asteburuan beste garaipen bat eskuratu zuten, etxean, Leongo Caja Rural Clebaren aurka (32-21). Emaitza horri esker, gainera, sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira.

Ermua CDko mutilek, berriz, ez dute lehiarik galdu eta lehen postuan daude sailkapenean, berdinketa batekin eta zazpi garaipenekin. Teodoro Zuazuan jokatutako azken partidan, gainera, nagusitasunez gailendu ziren: aurkariek bi gol baino ez zituzten egin; ermuarrek, aldiz, zortzi sartu zituzten (8-2), Markel Blancoren hat trick-arekin.

Golegile nagusiak

Hala ere, partidako lehen bi golak egin zituen Iker Grande da orain arteko goleatzaile nagusia, bai taldean, bai ligan, zortzi partidatan bederatzi gol sartuta. Errotabarriren kasuan, Nahia Legorburu da taldeko golegile nagusia: zazpi partidatan 27 gol batu ditu.


Nahia Legorburu Goñi, Ermuko kiroldegian jokatutako azken partidan. @dialektikapsico

Asteburuko hitzorduak

Gaur, zapatua, San Martin Eguna galduko dute Errotabarriko neskek, baina, horren ordez, asteburu-pasa egingo dute Kanariar uharteetan. Cicar Lanzarote Ciudad de Arrecife taldearen kontra lehiatuko dira Las Palmasen, 20:30ean, Titerroy pabilioian. Ermua CDko mutilak, berriz, domekan lehiatuko dira, Bilboko Aitxarte futbol zelaian, eta Loiola Indautxu taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak.