Ermuko Txirrindulari Eskola bete-betean dago ziklo-kros denboraldian. Guztira, hamazazpi haurrek osatzen dute taldea, eta, Bizkaiko hainbat probatan ez ezik, Kantabrian eta Burgosen ere lehiatu dira dagoeneko. Modalitate horren bidez haurrek bizikletaz gozatzen dute, eta, aldi berean, trebetasuna eta abilezia lantzen dituzte.
Entrenamenduak astean bitan egiten dituzte, baina, herrian modalitate horretako txirrindularitzan aritzeko azpiegitura egokirik ez dagoenez, Berrizera jo behar izaten dute askotan.
Errepideko eta mendiko bizikleta
Ziklo-kros denboraldia urtarrilean amaituko da, eta martxoan errepideko txirrindularitzari ekingo diote. Egutegiak errepideko zortzi proba eta BTTko zazpi biltzen ditu. Gainera, urtero Bizkaiko txirrindularitza eskolen lasterketa antolatzen dute Ermuan, 300 haur inguru elkartzen dituen hiri-zirkuituan.
Helduentzako txirrindularitzak ere badu tokia elkartean: 160 bazkidek bizikletaz gozatzen dute elkarrekin, eta aurten hainbat sari lortu dituzte Espainiako proba zikloturistetan, talde ugarienaren kategorian.