San Pelayo Ikastetxeak antolatutako VI. Azoka Solidarioak 4.100 euro biltzea lortu zuen aurreko asteburuan, esklerosi anizkoitzaren ikerketaren alde. Azaroaren 7an eta 8an egin zuten azoka, Ermuko Merkatu Plazan. Ohikoa Gabonetan egitea bada ere, aurten, logistika arazoengatik, azaroan antolatu dute. Hala ere, iazko emaitza hobetu egin dute: iaz 4.050 euro bildu zituzten eta aurten 50 euro gehiago lortu dituzte.
Antolatzaileak pozik daude emaitzarekin. Urtero aurreko urtean baino diru gehiago biltzea dute erronka, eta aurten ere xedea bete dute. Azoka gainerako urteetan baino lehenago egin izanak herritar guztiengana iristea zaildu zezakeen arren, iaz baino diru gehiago biltzea lortu dute.
Ikerketaren aldeko elkartasuna
Azoka Solidarioa San Pelayo ikastetxeko ikasleen, irakasleen eta, bereziki, guraso elkartearen inplikazioari esker antolatu dute, hilabeteetako prestaketa-lanaren ostean. Besteak beste, bigarren eskuko jostailuak, mozorroak eta eskulanak jarri dituzte salgai, eta zozketak zein saski solidarioen ekimena egin dituzte. Herritarren parte-hartzea eta elkartasuna funtsezkoak izan dira, beste behin, dirua batzeko.