Astelehenero egingo dituzte saioak, 18:00etatik 20:00etara, Lobiano Kulturgunean, eta gastronomia, artisautza eta tradizioak izango dituzte ardatz. Proposamenen bidez, Txinako eta Japoniako hainbat ohitura eta teknika ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Bost hitzordu, bost proposamen
Azaroaren 2an egin zuten lehen saioa, Txinako dumpling-ak prestatzen ikasteko; hilaren 9an Txinako tearen kultura ezagutzeko tailerra egin zuten; bihar, azaroaren 16an, Japoniako haizemaile tradizionalak egiten ikasiko dute; 23an, sushi tailerra egingo dute; eta 30ean, kokedama teknika japoniarra landuko dute, loreontzirik gabeko landare-konposizioak sortzeko.
Jarduerak 18 urtetik gorako herritarrentzat dira. Tailer bakoitzak 25 euroko prezioa du, eta 22,50 eurokoa izango da jubilatuentzat, langabeentzat eta Gazte Txartela dutenentzat. Plaza kopurua mugatua da, eta izen-ematea Lobiano Kulturgunean bertan egin behar da.
Gazteentzako sukaldaritza tailerrak
Bestalde, Udal Gazteria Zerbitzuak Asiako sukaldaritzari buruzko doako tailerra antolatu du 2010 eta 2014 artean jaiotako gazteentzat. Azaroaren 21ean eta 28an egingo dituzte saioak, 17:00etatik 18:30era, Udal Liburutegiko hirugarren solairuan. Parte-hartzaileek Txinako jiaozi (dumplingak) eta Japoniako hainbat motatako nigiri sushiak prestatzen ikasiko dute, eta egindako jakiak dastatzeko aukera ere izango dute. Plazak mugatuak dira, eta bihar izango da izena emateko azken eguna.